Gobernu Kontseiluak, gaur, Euskadiko Gobernantza Soziosanitarioaren Dekretua onartu du; dokumentuak Euskadin arreta soziosanitarioa eratzen duten lanbide- eta erakunde-harremanen eta instituzioen artekoen bereizgarri den konplexutasun aberatsa jasotzen du.
2021etik, Euskadik Arreta Soziosanitarioko Estrategia bat du. Hura Euskadiko Kontseilu Soziosanitarioan onartu da; hartan, Eusko Jaurlaritza dago, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Osasun Sailaren bidez, bai eta foru-aldundiak eta EUDEL ere. Arreta Soziosanitarioko Estrategia hori zeharkako 6 ildok, 5 jarduketa-arlok eta 15 proiektu estrategikok eratzen dute, eta haiek guztiek politikak zer xede-kolektibori zuzentzen zaizkien zehazten dute; modu batera edo bestera, politika horiek 250.000 pertsonarengana iristen dira Euskadin.
Hori horrela, Estrategia horren bidez, errealitate eta erronka ugariri egiten zaie aurre: batetik, bizi-itxaropenaren gorakada, jaiotza-tasa baxua eta biztanleriaren pixkanakako zahartzea. Beste batetik, etxeetako egituran eta familia-eredu eta -roletan izan diren aldaketak, zeinak ugalkortasun-tasa baxuei eta familien tamainaren murrizketari lotuta baitaude. Azkenik, gizarte-desberdinkeriaren gorakada, zeinak egonkortu egiten baitu pobrezia larriagoa eta areagotu gizarte-bazterketako egoerak.
Gaur Arreta Soziosanitarioko Gobernantzaren Dekretu hori onartuta, arreta soziosanitarioan esku hartzen duten sistemen artean ezartzen den harreman funtzionalaren eta operatiboaren esparru gisa, erakundeen arteko gobernantza partekatuko eredu hori ziurtatzen da. Gainera, arreta koordinatuko eredua finkatzen laguntzen da, haren antolamendu-egituraren zehaztapena eta antolaera arautzean.