Eusko Jaurlaritzak 6,6 milioi gehiago emango ditu 2022ko LEADER laguntzetan

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, bere aldetik, jakitera eman du Eusko Jaurlaritzak 6,6 milioi gehiago emango dituela 2022ko LEADER laguntzetan. Eusko Jaurlaritzako kontseiluak 2022rako laguntzen deialdia onetsi zuen urtarrilean LEADER eremuetako landa-udalerrietako sustapen, garapen eta dibertsifikazio ekonomikorako. Zuzkidura ekonomikoa bederatzi milioi eurotik gorakoa zen. Pertsona fisiko eta juridikoek eta erakunde publikoek 398 esakera egin dituztenez, eta ahalik eta proiektu gehienei laguntze aldera, kontseiluak LEADER deialdiko funtsak 15,7 milioi euroraino handitzea erabaki du. Arantxa Tapiak nabarmendu du gehigarri honi esker “gure herri txiki eta mendiguneetako guneak hobeto hornituak izango dira; bizitza kalitate hobea eskaini ahal izango da eta bizitzeko ez bakarrik, herrietan lan egiteko aukerak ere areagotu egingo dira”.

Gainera, sailburuak gogorarazi du Euskadiko Garapen jasangarriaren ereduan, hau da, Basque Green Deal delakoaren ereduan, deskarbonizazioaren apustuaz haratago, eta energiaren trantsizioaz gainera, lurralde oreka dela Euskadin lantzen den neurrietako bat. “Euskadiren kasuan ezin dugu esan herri hustuak ditugunik, baina jabetuta gaude benetako lurralde eta gizarte orekaren lanketan ezinbestekoa dugula herri txikienetan eta hiri guneetatik urrutien kokatzen diren horietan babes berezia jartzea”, adierazi du.

“Esan dezakegu apustu garrantzitsu baten aurrean gaudela eta lurralde orekaren aldeko apustuari bultzada berezia emango diogula”, amaitu du Tapiak.

MERCEDES-BENZ

Era berean, Gasteizko Mercedes-Benz fabrikak 2025etik aurrera furgoneta elektriko berria egingo duela jakin ostean, Arantxa Tapia sailburuak adierazi du inbertsio oso garrantzitsua dela, bai Gasteizko lantegiko langileentzat, bai Euskadin dagoen eta etorkizunean ibilgailu elektrikoaren teknologia horren inguruan gara daitekeen industria laguntzaile osoarentzat.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak azaldu duenez, hori guztia oso lotuta egongo da arlo horretan gauzatzen ari diren proiektuekin, hala nola Basquevolt proiektuarekin eta lantzen ari den bateria-fabrikarekin.

Hori horrela, Tapiak jakitera eman du gaur bertan Gobernu Kontseiluan 15,5 milioi euroko zuzeneko laguntza onartu zaiola Basquevolti, izaera industrialeko ikerketa-proiektu bat garatzeko egoera solidoko baterien inguruan eta horiek abian jartzeko beharrezko azpiegiturei zuzenduta.

Gasteizen garatuko den ibilgailu elektriko hori Euskadiko ehun ekonomiko osoaren akuilu eta bultzatzaile izan dadin egiten ari garen lan guztia garrantzitsua dela adierazi du.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak arau-aldaketa bat onartu du gaurkoan, euskal sektore publikoaren kontratazio-araubideari segurtasun juridiko handiagoa emateko eta, batez ere, toki-administrazioen kontratu askoren administrazio-prozedura arintzeko. Erabaki honen helburua da orain arte gertatzen ziren alferrikako atzerapenak saihestu eta herri erakundeen kudeaketa publikoa arintzea. Horretarako, 2016ko Dekretu bat aldatzea erabaki du Gobernuak eta aldaketa honi esker Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazioko Aholku Batzordeak toki-erakundeentzako nahitaezko txostena egiteko aukera izango du, baldin eta, besteak beste, kontratazioaren prezioa bost milioi eurokoa edo handiagoa bada.

Hizkuntza politikekin lotuta, Gobernu Kontseiluak Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2021eko txostena onartu du. Txosten horren arabera, iaz 277 gorabehera izan ziren hizkuntza-eskubideen urraketei dagokienez, aurreko urtean baino 31 gehiago. Zupiria sailburuak azaldu duenez, kexa horietatik 224k (%98) euskara erabiltzeko eskubidea urratzeari egiten diote erreferentzia, eta hiru kasutan gaztelaniaren erabilera urratzeagatik. Kexa horien guztien artean, gehienek (%83) eremu publikoko hizkuntza-eskubideen urraketarekin dute zerikusia eta %16k eremu pribatuarekin. Bozeramaileak kontuan hartu beharreko beste datu bat ere nabarmendu du: intzidentzia hauen % 62a gizonek aurkezten dituztela eta %28 emakumeek.

Prentsa-txostena