Gaur, Agustín Markaide Soralucek (elikaduraren sektorea), Iñaki Latxaga Bengoetxeak (arrantzaren sektorea) eta Fernando Martínez Bujandak (nekazaritzaren sektorea) Gonzalo Nardiz 2022 sariak jaso dituzte, Iñigo Urkullu Lehendakariaren eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiaren eskutik. Arabako Parke Teknologikoan egin da ekitaldia eta bertan bildu dira estamentu instituzionalen hainbat ordezkari eta lehen sektorearekin, nekazaritzako elikagaien katearekin eta Euskadiko nekazaritza eremuarekin lotura duten profesionalak.
Sariak 2003an ezarri ziren, Eusko Jaurlaritzako lehen Nekazaritza Sailburuaren izenarekin, bi urtean behin deitzen dira eta denbora luzean eta batez ere lehen sektorean edo euskal nekazarien munduan ibilbide profesional eredugarriak izan dituztenen aitortza eta balioespena dakarte. Hautagai bakoitzak gutxienez Euskal Herriko agente sektorial biren babesa du, eta hautagaitzarekin batera proposatutako pertsonaren edo kolektiboaren ibilbide profesionala zehaztasunez azaltzen duen memoria bat aurkeztu behar da. Memorietan, halaber, hautagaien ibilbidearen hainbat alderdi azpimarratuko dira, eragin edo garrantzi handienekoak eta beraien ibilbidea berezi egiten dutenak.
Lehendakariak sarituen lana eta bokazioa aitortu ditu, eta hainbat helbururekiko konpromisoa agertu du, hala nola: lehiakortasuna areagotzea, profesionalen lan baldintzak hobetzea, belaunaldi berriei ateak irekitzea, edo guztion ongizatea hobetzea. “Bertako nekazaritzak edo arrantzak kalitatezko elikadura ekoizpen jasangarria bermatzen dute, aberastasuna eta enplegua sortzen dute eta, oso garrantzitsua, ingurugiroa zaintzeko eta babesteko ekarpen eredugarria egiten dute. Ekarpen hauekin batera kalitatearen edo berrikuntzaren aldeko konpromisoa ere barneratu duzue eta ekinbide eredugarriak garatzen ari zarete. Auzolanaren esan nahia ere ondo baino hobeto ezagutzen eta garatzen duzue”, adierazi du. Lehendakariaren hitzetan, hori da gaur aitortzen eta saritzen dena.
2022an SARITUTAKOAK
Agustín Markaide Soraluce
Eroski taldean elikagaien banaketa-sektorean egindako lan garrantzitsua dela eta eman zaio saria. Euskal Autonomia Erkidegoko elikaduraren sektoreko balio»katea berritzen eta garatzen eta bertako produktuak babesten inplikazio handia izan du.
Fernando Martínez – Bujanda
Nekazari gisa bere lanbide-ibilbide luzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan olibondo-labore historikoaren balioa berreskuratzeko lana saritu da. Gainera, elkartasunezko proiektuetan parte hartu du, eta zenbait GKErekin lankidetzan aritu da.
Iñaki Latxaga Bengoetxea
Sariak balioa ematen dio pertsona ekintzailearen ereduari. Bere bizitzan arrantza-enpresa txikia Albacora talde bihurtu du, eta gaur egun atunaren arloan munduko liderra da. Enplegua mantentzearen eta eremuan errotuta gelditzearen aldeko apustua egin du, eta, gainera, arrantza-teknikak eta itsasontzietan baldintzak hobetu nahi izan ditu.
NARDIZ SARIAK
Gonzalo Nardiz Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo Nekazaritzako sailburua izan zen, bai eta 1936ko urriaren 7an osatu zen José Antonio Agirreren gobernuko kiderik gazteena ere. Orduan, 31 urte zituen, eta dagoeneko izan zen Bermeo jaioterriko zinegotzi, Bizkaiko Aldundiko kudeatzaile eta Bizkaiko Defentsa Batzarreko Horniduraren komisario.
Sailburu gisa egon zen denboraldian, Nardizen ardurapean egon ziren abeltzaintza, basoak eta mendiak. Bere lanaren helburua izan zen Euskadin autohornikuntza-mailarik handienetara iristea, herrialdeko abere- eta baso-aberastasuna kontserbatzeaz gain. Horretarako, berak hartutako neurri bat izan zen aurretiaz baimendu gabe ez ehizatzea eta zuhaitzak ez moztea.
Sailean buru izan zen bitartean, albaitaritzako arauak aldarrikatu zituen, eta atzerapenak eman zizkien errentariei eta lurren laborariei errentak ordaintzeko orduan, lurrak gerra-eremuetan bazeuden.
1939an tropa frankistek irabazi ondoren, Gonzalo Nardiz, Gobernuko gainerako kideekin batera, erbesteratu behar izan zen. Erbestealdia 40 urtez luzatu zen. Egoitzak Parisen, Mexikon eta, 1946az geroztik, Donibane Lohizunen izan zituen. Erbestean Eusko Jaurlaritza desegin ostean, Gernikako Estatutua onetsi zenean, Gonzalo Nardizek jarduera politikoa urrunetik ikusi zuen. Bilbon hil zen 2003ko urriaren 25ean, 97 urte zituela.
Nardiz saria eskuratzen dutenek Jabier Herrero Arabako artistak beren-beregi sortutako artelana jasotzen dute. Argizari galduaren bidez brontzez galdatutako eskultura bat da. Haritz-oinazpikoaren gainean kokatzen da, eta aulki baten gainean oinaren irudia, egonkortasunaren ikurra, adierazi nahi da. Horrez gain, oinarrizko hiru elementu aipatzen ditu: Lurra, Itsasoa eta Airea.