Etxerik gabeko pertsonak ostalaritza-zerbitzuetan bazkaltzea ahalbidetzen du programa honek eta 2023an prestatutako janarien saltokiekin lankidetzan jardungo da
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du 2023ko Otorduak II programarako dirulaguntzen deialdia, 285.120 euroko aurrekontuarekin. Zerbitzu honen bidez, eguneko menua zerbitzatzen zaie etxerik gabeko pertsonei hiriko ostalaritza-establezimendutan. Halaber, establezimendu horietan, erabiltzaileek ogitarteko edo tupper bat jasotzen dute egun horretako afarirako
Berrikuntza gisa, programa hau kudeatzen urte eta erdi eman ondoren, taberna eta jatetxeez gain, prestatutako janari-saltokien laguntza izango da (take away). Honek larrialdi-egoeretan erantzun azkarra ematea ahalbidetuko du.
2021eko ekaina eta abendua bitartean, 58 erabiltzailek jaso zuten Otorduak II programa, eta 12 ostalaritza-establezimenduk hartu zuten parte. 2022ko urtarriletik azarora bitartean, berriz, 172 erabiltzaile izan ziren, eta 14 ostalaritza-establezimendu laguntzaile.
Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi duenez, “2020ko urrian hasi ginen proiektua garatzen, eta 2021eko uztailean abian zen. Helburua da kalean dauden pertsonek, gure hirian geratzeko asmoa badute, eta bestelako laguntzarik jasotzen ez badute, egunean gutxienez bazkari bero bat izatea”. “Datuen arabera, programa arrakastatsua izaten ari da, eta arrakasta horren zati bat diskrezioa da; izan ere, onuradunak tabernara edo jatetxera sartzen dira, bazkaldu eta alde egiten dute, beste edozein mahaikidek bezala”, gaineratu du.
Zerbitzu honen onuradun izateko, hirian sustraitzeko borondatea aurkeztu behar da, eta ez da inolako laguntzarik jaso behar, ez ekonomikorik ez gauzatan, elikadura-mantenua estaltzeko. Halaber, jendearentzat irekita dagoen lokal batean jateko behar diren gizarte-trebetasunak izan behar dira.