Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak logistika eta garraioko prestakuntza-plana aurkeztu du gaur. Ekimen horretarako 1,3 milioi euro bideratuko dira Araban, eta 600 pertsona, langabeak nahiz jardunean daudenak, eskari handiko sektore horretan trebatzea ahalbidetuko du. Proiektu hori 2023an zabalduko da Bizkaia eta Gipuzkoara.
Cristina González Enplegua Sustatzeko diputatu eta Arabako diputatu nagusiordearekin eta Maider Etxebarria Ekonomia Sustapen eta Enpleguko zinegotzi eta Gasteizko Udaleko alkateordearekin batera, Lehendakariordeak proiektu berritzaile bat aurkeztu du, Arabako hiriburuko Ignacio Ellacuría Prestakuntza Zentroan abian jarriko dena.
Mendiak gogorarazi duenez, pandemiak eragindako konfinamenduak agerian utzi zuen ekonomiari eta herritarren oinarrizko premiei eusteko funtsezko jardueren balioa, eta sostengu horretan hobekien lagundu zuten sektoreetako bat logistika eta garraioa izan zen, zalantzarik gabe. Aldi hain kritiko horretan, gaineratu duenez, gai izan zen zerbitzuen aparteko eskariari erantzuteko eta enplegua sortzeko, ekonomia bizkor murrizten zenean, eta, susperraldia hasi ondoren, bere balio estrategikoa erakusten jarraitu du.
Ildo horretan, adierazi duenez, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak Futurelan behatokiaren bidez eskaintzen dituen proiekzioen arabera, 2032ra arte, “aurreikusita dago garraioan eta biltegiratzean enplegu-aukerak % 34 haztea”, hau da, “29.531 aukera beste hainbeste pertsonarentzat, ia erdia belaunaldi-ordezkapenagatik eta beste horrenbeste biltegiratzearen eta banaketaren esparruan sortzen ari diren behar berriengatik”.
Hori guztia dela eta, gaineratu duenez,» erakunde guztiak lerrokatzen gara langileen eta enpresen beharrizanei erantzuteko, gaur egun eskaera fisiko handia dagoen sektoreetan», garraio multimodalaren hedapenaren, digitalizazioaren eta teknologia berrien ondoriozko eraldaketa handiak jasaten ari diren jardueretan, baina baita hornidura-kateetako eskakizun berriengatik, merkataritza elektronikoaren gorakadarekin lotutako kontsumo-patroien aldaketagatik eta jasangarritasun energetiko eta klimatikoaren bilaketagatik ere.
Proiektu hori Gasteizko Ignacio Ellacuría Prestakuntza Zentroan jarriko da abian, eta 1,3 milioi euroko zuzkidura izango du, urtebetean 600 langabe zein landun prestatzeko berrogei ikastaroren bidez. “Eta Araban hasiko gara”, lehendakariordeak zehaztu du, “Euskadi den nodo logistikoaren barruan, enklabe pribilegiatu batean dagoelako eta oso garapen zabala duelako”. Hala ere, errepikatu duenez, 2023an ekimen hau Bizkaira eta Gipuzkoara hedatu nahi da, “Euskadik logistikaren eta garraioaren eremuan duen lehiakortasun-potentzial guztia aprobetxa dezan”.