Marian Olabarrieta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendariak, gaur goizean, EAEko Artxibo Historikoan, Bilbon, erretiratuen talde baten aurrean, “Bizitza Betea” gida aurkeztu du; gidak adinekoen bizi-proiektuak etengabe kontuan izango dituen komunitate bat finkatzeko baliabideen berri ematen du, bizitza betearen ikuspegitik eta hirugarren adinerako gaikuntza-prozesuetan.
Olabarrietak esan duenez, gida zenbait eragilerekin elkarlanean prestatu da, eta “Bizitza Betea” proiektuaren esparruan sartzen da. Era berean, zuzendariak eskerrak eman ditu Helduak Adi elkarteak Zerbikas-en eta Hartu Emanak elkartearen lankidetzarekin eginiko lanagatik.
“Adineko ahaldunak, ekimena dutenak, solidarioak eta gizartearekin konprometituta daudenak prestatzeko erreferentzia-esparru aditu bat da”, esan du Marian Olabarrietak. “Lehenengoz, gure gizarteak heterogeneotasuna eta aniztasuna bereizgarri dituzten pertsonen belaunaldi bat du, gaur arte ezezagunak izan diren osasun-, prestakuntza- eta esperientzia-indizeak eta bizi-ikuspegia dutenak”.
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendariaren iritziz, “erronka berriak planteatzen dira, eta, horretarako, lankidetza behar da erakunde publikoen eta adinekoen elkarteen artean, bai eta hirugarren sektorearekin, oro har, merkatuarekin, familiekin eta erkidegoekin ere. Horretan ari gara lanean Agenda Nagusin; proiektuak diseinatzen eta sustatzen ari gara, Euskadiko Adinekoen Batzordearen bidez”.
Marian Olabarrietak zenbait proiektu aipatu ditu, besteak beste: Helduak Zabaltzen, adinekoen zentro sozialen eraldaketan laguntzeko; Altxor 7.0, adinekoei haien bizi-proiektuetan informazioa, orientazioa eta laguntza pertsonalizatua eskaintzeko, eta “Bizitza Betea”, bizitza betearen ikuspegitik proiektuak sustatzeko”. Hirurak sartzen dira adinekoekiko EAEko Estrategia berrian.
Gidak baliabideak ematen dizkie, bizitza betearen ikuspegitik, adinekoentzako gaikuntza-prozesuetan laguntza ematen duten pertsonei eta adinekoen bizi-proiektuen sustapenari buruzko praktika eta ikaskuntzako komunitate bat sortzen laguntzen dutenei, bai maila pertsonalean bai kolektiboan, haien bizi-kalitatean, ongizatean eta parte-hartzean inpaktua izanik.
“Adinekoen belaunaldi berriek bizitza beteaz gozatu nahi dute, ahalik eta autonomia gehienarekin, eta ondasun erkidean parte hartu eta lagundu”, esan du Marian Olabarrietak.