Rodrigo Gartzia buru dela elkartu da Arkauten Euskadiko Udaltzaingoen Koordinazio Batzordea

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea eta Aitor Lete Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria buru direla elkartu da gaur goizean Euskadiko Udaltzaingoen Koordinazio Batzordea, Euskadiko udaltzaingoen arteko lankidetza-lana ebaluatzeko eta herritarren arreta hobetzeko 2023rako hobekuntza-proposamen berriak aztertzeko.

Bileraren hasieran Euskadiko Segurtasun Publikoaren 2025 Planaren jarraipena eta ebaluazioa egin dute, eta, gainera, 2022an egin diren tokiko koordinazio-batzordeen berri eman dute. Bileran herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko, segurtasuna areagotzeko eta Euskadin polizia-baliabideak optimizatzeko Ertzaintzak eta udaltzaingoek sinatu dituzten lankidetza-hitzarmenak ere aztertu dituzte. 2022an, lehenengo aldiz, 10 lankidetza-hitzarmen berri izenpetu dituzte Zornotzan, Elorrion, Markina-Xemeinen, Andoainen, Eskoriatzan, Lasarte-Orian, Lezon, Pasaian, Urretxun eta Zumarragan.

Azkenik, EUDELekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz eratutako lantaldeen bilakaeraren berri ere eman dute. Hauek dira hitzarmen horrek barne hartzen dituen gaiak: ekipamenduak, hautaketa eta formakuntza, araudia, informatika eta telekomunikazioak, berdintasuna, polizia-prozedurak eta -eginbideak, interpretazio-irizpideak eta jardunbide egokiak Herritarren Segurtasunaren eta Bide Segurtasunaren arloko zehatze-araubidearen aplikazioan.

PARTE-HARTZAILEAK

Batzordearen bileran, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren aldetik parte hartu dute Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Goiatz Aizpuru Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendariak. Horrez gainera, bertan izan dira, beste hainbat agintariren artean, Amaia Arregi Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasunerako zinegotzia, Mikel Gotzon Santamaria Donostiako Udaltzaingoaren zuzendaria, Ander Añibarro Laudioko alkatea eta Asier Arakistain Zumaiako zinegotzia.