Lea-Artibai eskualdeko ekintzaileen lana saritu, ekintzailetzaren kultura zabaldu, eredu kooperatiboa bultzatu eta balio erantsi handiko enpresa berritzaileak bultzatzeko asmoz abiarazitako ekimena da. Orain arte urtero antolatu den Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketaren aurreko hamalau edizioei lekukoa hartzen die Leartibai Sariek, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Udal Gaztedi programaren, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartearen eta Lea-Artibai eskualdeko 12 udalen laguntzari esker antolatzen dira.
Leartibai Sarien lehenengo edizio honetara guztira 18 proiektu aurkeztu dira, 2021-2022 epealdian Lea-Artibai eskualdean martxan jarritako negozioak edo 2023an abiatzeko asmoa dutenak, hain zuzen. Lea-Artibaiko ekintzaileak omentzeko, eskualdean lanpostu berriak sortzeko eta emakumeen, gazteen eta, oro har, herritarren artean ekintzailetza sustatzeko helburu nagusiarekin, 5 modalitate saritu dira aurtengoan:
Sarituak
- Negozio-ideia berritzaileena (2.000 €).
GMAO INGENIARITZA – Ekintzailea: Gregore Iuga, Ondarroa.
- Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onena (2.000 €).
DENETARIK – Ekintzailea: Mónica Babarro, Berriatua.
- Kooperatiba ereduko negozio ideia onena (2.000 €).
OPELA, KOOP. ELK. TXIKIA – Ekintzaileak: Xabat Arrate eta Ane Arizmendiarreta, Markina-Xemein.
- Gazteen negozio-ideia onena (2.000 €-ko erosketa bonu bat).
AMETSLAN – Ekintzailea: Bakene Erkiaga, Berriatua.
- Emakume ekintzaileari aipamen berezia (500 € + eskualdeko produktuekin osaturiko “Hamen Bertokoa” otzara).
NARE DESIGN – Ekintzailea: Edurne Elizalde, Ondarroa.
Laguntza ekonomikoaz gain, irabazleek beste abantaila batzuk ere izango dituzte: Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen Enpresa Haztegian kokatzeko lehentasuna eta Leartibai Fundazioak kudeatzen dituen programa ezberdinetan parte hatzeko erraztasuna izango dute. Gainera, negozio-ideiaren garapenean eta azelerazioan aholkularitza jasoko dute fundazioko ekintzailetza-teknikarien eskutik.
Herritarrentzako ere saria
Herritarrak ere epaimahaikide lanetan aritu dira aurtengo edizioan Leartibai Fundazioak Instagramen antolatu duen lehiaketaren bitartez. Eskualderako gustokoen duten proiektua bozkatzeko parte hartu duten ia 700 erabiltzaileak online egin den zozketa baten sartu dira eta irabazlea Asier Moreno Balsera ondarrutarra izan da. “Hamen Bertokoa” otzara bat jaso zuen atzoko sari-banaketa ekitaldian.
Ekintzailetza kultura hedatzen
Leartibai Fundazioa Lea-Artibai eskualdearen garapenarekin konprometitua dagoen erakundea da bere misioetako bat negozio berriak sustatzea izanik. Leartibai Sariak ekimenarekin ekintzailetza kultura hedatu, kooperatiba eredua sustatu eta balio erantsi altuko enpresa berritzaileak bultzatzen jarraitzeko asmoa du. Horrela, orain arteko lehiaketa ereduan 200 proiektutik gora aurkeztu dira eta inoiz ez da saririk esleitu gabe gelditu. Guztira, 42 proiektu saritu dira eta 86.000 € banatu dira sarietan.