Barakaldoko Udalak komun publikoa jarriko du Burtzeña auzoko elizako plazan. Jon Andoni Uriak zuzentzen duen Auzoetarako eta Hirirako Obra eta Zerbitzuen arloak sustatzen duen ekimenak auzoko bizilagunen eskaeretako bati erantzuten dio. Jarduketak 70.000 euroko inbertsioa eskatzen du eta kontratazio publikora atera berri da.
Komuna frontoi estali berriaren ondoan jarriko da. Horretarako ur-hartune berri bat eraikiko da, saneamendu-sarera konektatu beharko dena. Iturgintzako eta obra zibileko lan garrantzitsuak dira eta horrek esan nahi du instalazioaren munta handiagoa izango dela.
Kabinak hirian gaur egun instalatuta dauden komun publikoen estiloari eutsiko dio. Alboetako batean altzairu herdoilgaitzezko 3 pixatoki jarriko dira, eurak bakarrik garbitzen direnak eta altzairu herdoilgaitzezko bionbo batekin babestuta daudenak. Kabinaren kanpoaldea gresitezkoa izango da, eta inguruarekin bat datozen koloreak izango ditu. Barrualdea guztiz irisgarria izango da, edozein pertsonak erabiltzeko egokia, eta komunontziak desinfekzio-sistema automatikoa izango du.
Era berean, ez da faltako gehienez 15 minutukoa izango den erabilera-denbora gainditu ondoren ohartarazten duen alarma akustikoa, koloretako leden bidez komunaren egoeraren berri emateko kanpoko argi-adierazleak izango ditu (librea, okupatua, garbitze fasean), eta erabilera-jarraibideak izango ditu altzairu herdoilgaitzezko plaketan grabatuta; plaka horiek kabinaren kanpoaldean eta barruan egongo dira, euskaraz, gaztelaniaz eta braillez.
Orain lehiaketa publikoan dagoen obra kontratua formalizatzen denean hasiko da. Obrak gauzatzeko hiru hilabeteko epea aurreikusten da.
«Auzoetan komun publikoak jartzea bultzatu dugun neurria da, batez ere pandemia hedatu zenetik, orduan egiaztatu genuelako oso garrantzitsua dela kalean horrelako espazio publikoak izatea pertsonentzat, bestelako ekipamenduetan, ostalaritzan eta abarretan sartu beharrik gabe¿ Gainera hirian komun publiko gehiago jartzea izan zen aurrekontu parte-hartzaileetan boto gehien jaso zituen proposamenetakoa, eta horrek agerian uzten du herritarrek ekipamendu horiekiko duten interesa» gogorarazi du Jon Andoni Uriak, Auzoetarako eta Hirirako Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. Azken urteotan komun publikoak jarri ditugu Errekatxon, Gurutzetan, Munoa inguruan eta Gorostizan, eta baita Burtzeñan ere.