Inflazioa Murrizteko Estatu Batuetako Legea kezka-iturri bihurtu da EBrentzat, baina oraingoz ez da hartu neurri zehatzik

2022ko abuztuan Estatu Batuek Inflazioa Murrizteko Legea (IRA) onartu zuten Kongresuaren eta Senatuaren babesarekin, 2023ko urtarrilean martxan jarria izateko.

Lege-proiektu horrek gai ugari jorratzen ditu, euren artean osasun arloko arreta, zerga korporatiboak eta energiarekin lotutako legeria. Zehazki, lege-proiektu horren helburua da ekonomia berde berri bat eraikitzea, eta horretarako, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera laguntza eta kreditu fiskalak emango zaizkie AEBetan egindako piezekin fabrikatzen duten edo AEBetan bertan ekoizten duten enpresei. Produktu manufakturatuen kasuan –eguzki-xaflak, inbertsoreak eta gailu elektrikoak–, %40 AEBetan fabrikatuak izan behar dute, nahiz eta portzentaje hori handitu egingo den etorkizunean.

Zehazki:

  • Hobari fiskal bat emango zaie Ipar Amerikan mihiztatutako ibilgailu elektriko berrien erosleei. Bestalde, mugak jartzen dira ibilgailu horien baterietan erabilitako mineral kritikoen jatorriari buruz, eta agintzen da bateria horien osagaien zati espezifiko batek Ipar Amerikan fabrikatua edo mihiztatua izan beharko duela.
  • Era berean, %30eko kreditu fiskala lor dezaketen eguzki energia arloko proiektuek %10 gehiagoko kreditu fiskala lortu ahal izango dute (%40 guztira), baldin AEBetan ekoitzitako hardwarea erosten badute. Lege berriaren arabera, altzairu eta burdin guztia Estatu Batuetan fabrikatua izan behar da.

Hori ikusirik, Europar Batasuna kezkatuta agertu da, zeren enpresei dirulaguntzak eta salbuespenak emateko plan estatubatuar horrek desabantailan jartzen ditu Europako lehiakideak, eta 2022ko urrian Europar Batasunak gidatutako Task-Force US-EU batzorde bat sortu zen IRA aztertzeko.

Abenduaren 14an Europako Legebiltzarrean egindako eztabaidako hitzaldi guztien ardatza izan zen IRAk Europako enpresetan eragingo dituen ondorio kaltegarriak eta EBk eman ditzakeen erantzunak.

Hiru gauza dira bereziki kezkagarriak Europako Batzordearentzat: IRAk neurri handi batean sustatzen duen “Buy American” logika; diskriminazioa eragin dezaketen salbuespen fiskalak; eta Europako enpresentzat kaltegarri izan litezkeen ekoizpenerako dirulaguntzak. Gai horiek lantzeko, Batzordeko presidenteak lau jarduera-ildo nagusi zirriborratu ditu:

  • Europako arauak egokitzea, bultzada bat emateko inbertsio publiko nazionalei trantsizio aldian. Horretarako ezinbestekoa da datozen urteetan estatu-laguntzei buruzko arauak sinpletu eta azkartzea, eta gaur egungo arrakala ixtea fokua jartzeko sektore ekologiko estrategikoetako balio-kate osoan, barne harturik eskala handiko ezarpena eta lehengaiak eskuratzeko bideak.
  • berriro ebaluatzea Europak trantsizioan inbertsio publiko handiagoa egiteko daukan beharra. Estatu kide guztiek ez daukate gaitasun bera eskala handiko inbertsioak egiteko sektore estrategikoetan, eta horregatik, posible izan dadin teknologia garbia sustatzea Europa osoan, beharrezkoa da Europako finantzaketa osagarria, eta horretarako onartu da berriki REPowerEU. Halere, konponbide estrukturalago bat behar da Europako industriak trantsizio ekologikoaren lider izaten jarrai dezan. Horregatik, presidenteak proposatu du Funts Subirano bat sortzea Europako politika industrial komun bat sustatzeko Europako finantzaketa komun batekin; funts hori bideratuko litzateke hidrogeno, erdi-eroale, konputazio kuantiko, adimen artifizial edo bioteknologiarako eta Europarako Interes Komuneko Proiektu Garrantzitsuetarako (PIICE).
  • Estatu Batuekin lan egitea lege honen alderdi kezkagarrienetako batzuk jorratzeko. Eztabaidaren erdigunean dago nola indartu dezakegun elkarrekin energia garbien oinarri industriala, eta bakoitzaren pizgarri-programak. Herrialde bakar batek –Txinak– kontrolatzen ditu premiazko lehengai kritiko batzuen ekoizpena eta prozesamendua. Txinaren monopolio hori gainditzeko aukeretako bat izango litzateke, adibidez, lehengaien klub bat sortzea Estatu Batuekin eta beste bazkide batzuekin, hornikuntza fidagarria eta gardena izateko bidezko baldintzetan, eta balioa gera dadin lehengaiak sortzen dituzten herrialdeetan.
  • Areago azkartzea Europaren energia berderanzko trantsizioa. Gorago esan diren ekintza guztiak energia berriztagarrietara iristeko zubiak dira. Beraz, inbertsio hori oraintxe behar da, industriek eta ETEek orain behar dutelako laguntza, harik eta ingurune energetiko berri merke, garbi eta seguru bat lortzen den arte.

Jarraituko dugu monitorizatzen egoeraren bilakaera.