Katedraren helburu nagusiak izango dira, batetik, Jose Migel Barandiaran Aierberen (Ataun, 1889-1991) izena eta izana bultzatzea, haren obraren, ondarearen eta hark landutako ikerketa esparruen azterketa zientifikoa sustatuz eta egindako ekarpenak aitortuz; eta, bestetik, euskal kulturari eta euskal identitateari buruzko gogoeta eta transmisioa sustatzea, aita Barandiaranek ezarritako nortasun oinarriak ezagutaraziz, eta oinarri horiek gaur egungo gizartearekiko elkarrekintzaren bidez eguneratuz. Katedraren jardunerako abiapuntu gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euroko ekarpena egin du 2022ko aurrekontuen bitartez, eta Ataungo Udalak, 10.000 euroko ekarpena.
Hitzarmenaren sinadura ekitaldian parte hartu dute Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreirak, Ataungo alkate Martin Aramendik, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko lehendakari Ixone Fernandez de Labastidak. Elkarlan akordio honen bitartez, katedra sortzeko, garatzeko eta mantentzeko konpromisoa hartu dute erakunde guztiek.
Ordezkari denak bat etorri dira katedraren sorrerak ekar ditzakeen onurak azpimarratzean, Jose Migel Barandiaranen obra eta ondare aberatsa eta hark landutako ikerketa esparru zabala ikertzeko, eguneratzeko eta transmititzeko jardunari bultzada berri bat emateko garaian batez ere. Ildo horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak gure herriaren geroa sendotzeko egin dezakeen ekarpena nabarmena izan daitekeela iritzi diote, euskal kulturari buruzko gogoeta akademikorako gune berriak arakatzeko berrikuspen kritikoa ahalbidetuz.
Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu duenez, Jose Migel Barandiaranen ikerketa lana eta ondarea “gaur egungo euskal nortasunaren eta kulturaren zutabe nagusienetako bat dira”, eta, horregatik, “berebiziko garrantzia” du haren ondarearen inguruko ikerkuntza bultzatu, sustatu eta laguntzeak. Gogoeta horri, honako hau erantsi dio: “Balio berezia du, gainera, hori guztia unibertsitatearen alorretik egiteak. Euskal nortasunari eta haren transmisioari buruzko hausnarketa bultzatuz, aita Barandiaranek ezarritako oinarriak ezagutuz eta gaur egungo gizartearekiko elkarrekintzaren bidez eguneratuz, gure lurraldearen eta herriaren etorkizuna finkatzeko ekarpena egin nahi dugu”.
Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean, Eva Ferreira errektoreak hartu du hitza, Barandiaranek Euskal Herriko Unibertsitate baten alde egindako lana gogoratuz. “Eusko Ikaskuntzaren sorreratik bertatik, 1918an, Aranzadi, Barandiaran eta Apraizek, behin eta berriz, adierazitako kulturaren irrika handienetako bat euskal unibertsitate publiko bat sortzea izan zen. Ilusio kolektibo hori 1980an baino ezin izan zen gauzatu; beraz, Jose Migel Barandiaranek UPV/EHUren jaiotza eta hamarkada bat baino gehiagoko garapena ikusi zituen. Jose Migel Barandiaran Katedraren sorrerarekin, euskal unibertsitate publikoak akademiko honekin duen zor historikoa kitatu nahi du, Barandiaranek bizitza osoan zehar landu zituen euskal kulturaren balio eta ezagutzen ikerketa eta zabalkundea sustatuz, hori baita euskal unibertsitatea sortzeko hainbeste lan egin zuenaren omenez egin dezakegun gutxienekoa.”
Martin Aramendi Ataungo alkatea pozik agertu da katedraren sorrerarekin, “Barandiaranen lanari dagokion balioa emateko urratsa” dela uste baitu, eta eskerrak eman dizkie UPV/EHUri eta proiektu honetan bidelagun dituen gainerako erakundeei, katedra sortzeko eta lankidetzan aritzeko egin duten ahaleginagatik. “Iragana eta oraina lotzen zubi-lan handia egin zuen Barandiaranek, eta katedra zubi-lan horretan jarraitzeko lagungarri” izango dela adierazi du.
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak gogora ekarri du Jose Migel Barandiaran Eusko Ikaskuntzako lehendakaria izan zela 1978-1991 urteetan eta, aldi horretan, Jose Migel Barandiaranek berak sortu zuela Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa (1988an), hain zuzen ere, bere obra, bizitza eta pentsamenduaren gaineko azterketek jarraipena izan zezaten. Urkizak erantsi duenez, “orain, Katedraren sorrerarekin, Barandiaranek berak abiatutako lan-lerroari bi eremu eransten zaizkio: batetik, Barandiaranen figuraren erreferentzialtasuna indartzea, haren obra, izena eta izana akademiatik ikertuz; bestetik, euskal identitatearen iragana etorkizunarekin lotzeko hausnarketa prozesua espazio publikora ekartzea, euskal izaeraren transmisioan indar eginez.”
Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren izenean, haren lehendakaria den Ixone Fernandez de Labastidaren esanetan, gai unibertsalak nahiz euskal kulturaren berezko gaiak sakon eta lan metodologia zorrotza erabiliz ikertu zituen Jose Migel Barandiaranek. “Ikerketa emaitza hauen guztien transmisioan ere lan handia egin zuen. Irakaskuntza izan zuen beti gogoan, Gasteizko Apaiztegiko ikasgeletatik hasita, UPV/EHUra nahiz munduko goi irakaskuntza zentroetara ere bere jakintzaren argia zabalduz. Jose Migel Barandiaranek ez zuen mugarik ipini bere ekarpen akademikoan eta gure Fundazioak ildo horretatik jotzen du gure sortzailearen izena daraman Katedraren aurkezpenean. Eskuzabala izan zen bere jarreran Jose Migel Barandiaran, eta horregatik abiarazi zuen Fundazioa, euskal kulturaren baitan lan nahi duten guztiek bere ekarpen material eta immaterial baliotsua eskura izan dezaten. Horregatik bultzatzen dugu Fundaziotik Katedra, Jose Migel Barandiaranen gogoa betetzera datorrelakoan.”
Jose Migel Barandiaran antropologoa, etnografoa eta apaizak arrasto sakona utzi zuen Euskal Herrian eta nazioartean, betiko galtzeko zorian ziren aztarna, usadio eta esamoldeak aztertzeko eta ahanzturatik salbatzeko egindako lan eskergagatik batez ere. Urte askoan zientziaren metodoak erabiliz egindako berebiziko ikerketa lanaren ondorioz, elkarte askotako kide izendatu zuten eta sari ugari jaso zituen: horien artean, honoris causa doktore izendatu zuten Euskal Herriko Unibertsitateak, Gasteizko Teologia Fakultateak, Deustuko Unibertsitateak eta Madrilgo Complutense Unibertsitateak. Halaber, Gipuzkoako Urrezko Domina, Gernikako Arbolaren Gurutzea eta Nafarroako Urrezko Domina ere jaso zituen.