Hozka egin, eskuilatu eta garbitu. ONAK erabiltzeko hiru urratsak dira horiek, I+Med kooperatiba arabarrak merkaturatutako hortzetako dentifriko solido berria. Ekonomia zirkularrean oinarritutako produktua da, eta hasieratik bukaerara errespetatzen du ingurumen-iraunkortasuna, formulatik eta bere karga-sistematik packaging-eraino.
“Fabrikazioan % 70 ur gutxiago behar du, eta ekoizpen-fasean beste hortzetako pasta batzuek baino % 80 intentsitate gutxiago du kontsumo elektrikoan”, azaldu du Adrian Iriartek, ONAK proiektuaren sortzaileak eta arduradunak. Bere formula 10 osagaik bakarrik osatzen dute, guztiak naturalak eta ‘0 kilometrokoak’, eta ez du SLS/SLErik, parabenorik, kontserbatzailerik, koloratzailerik eta gehigarririk. “Horrek formula berez geldoa eta segurua izatea eragiten du, beganoentzat egokia izateaz gain”, gaineratu du.
Jasangarritasun hori produktuaren garapen osoan hedatzen da, ekoizpenetik hasi eta kargen ontzietaraino. “Konprimatu formatuak ontziak berriz kargatzeko aukera ematen du. Lehen erosketa batean, produktua beirazko ontzi batean erosten duzu, eta, gastatzen direnean, % 100 landare-ontzietan datozen konprimatuak erosita birjar dezakezu. Horrela, ‘zero alferrik galtzea’ sustatzen da eta biziraupen ia mugagabea lortzen da jatorrizko ontziarentzat”, zehaztu du Iriartek. “Ontzien tinta ere sojazkoa da”, gehitu du.
Erabiltzeko oso erraza da, hala azaltzen du proiektuaren arduradunak, “konprimatu bati kosk egiten diozu desegin arte, normaltasunez eskuilatzen dituzu hortzak eta amaitzean urarekin garbitzen duzu. Hortzetako pasta tradizionalek ez bezala, ONAKek dosi perfektua ematen du erabilera bakoitzerako. Oso erraza da garraiatzeko, ezin hobea lanera eramateko edo hegazkinez bidaiatzeko, edozein lekutan sar daiteke”.
Abangoardiako teknologiak
Proiektuaren berritasuna ez datza soilik jasangarria eta zirkularra izatean, baita bere produkzioan abangoardiako bi teknologia ezartzean ere. Lehenengoari ONAK ThreeBrasive esaten zaio, eta esmaltea marratu gabe sakontasunean garbitzea lortzen du. “Horretarako, partikula oso txikiko eta oso gogortasun txikiko 3 urratzaile natural erabiltzen ditugu. Horrek lehiatik bereizten gaitu; izan ere, merkatuaren batez bestekoak urratzaile gogorragoak erabiltzen ditu, eta horrek marra gehiago eragin ditzake esmaltean”, Iriartek azaldu duenez. Horrez gain, ONAK da esmaltea birmineralizatzeko eta, ondorioz, babesteko, kakao-baben teobromina erabiltzen duen munduko dentifriko solido bakarra.
Bigarren teknologiari ONAK AirSolide deitzen diote. Proiektuaren arduradunaren arabera, “listuaren hezetasunak berehalako erreakzioa eragiten du eta apar trinko eta natural bat sortzen du urratzaileen hiruhortza modu eraginkorrean indartzeko eta ThreeBrasivek ematen duen mikro garbiketa errazteko. Guzti hori, esmaltea kaltetu gabe”.
ONAKek argi du: “zirkularizazioa nahitaezko bidea da, eta planetarekiko dugun erantzukizunagatik barneratu egin behar dugu. Pertsona, enpresa eta erakunde guztiek hartu beharreko jarrera da. Guk, eta hala islatzen dute gure balioek eta filosofiak, ez dugu beste modurik ulertzen osasuna eta ingurumen-iraunkortasuna bateratzen dituzten parametroen pean lan egitea baino.
SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.