Osasun Sailaren eta Onkologikoa Fundazioaren ordezkariak diren Onkologikoaren Zuzendaritza Organoak, gaurko bileran, erabaki du indarrean jarraitzea 2018ko abenduaren 27an Osasun Sailak eta Onkologikoa Fundazioak, osasun-zerbitzuak emateko sinatutako lotura-hitzarmena. Hitzarmen horri esker, bi erakundeek lankidetzan jardun ahal izan dute minbizia duten pertsonei arreta emateko eta Onkologikoa Fundazioak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko osasun-zerbitzuekin batera funtzionatzeko.
Lotura-eredua indarrean egon den lau urte horien ondoren, alderdi sinatzaileek ulertu dute integrazio-maila handiago baterantz aurrera egiteko unea zela, Onkologikoa, paziente onkologikoen tratamenduan zentro monografiko eta erreferentzia den aldetik, Euskal Osasun Sistema Publikoaren barruan sareko lanerako egokiagoa izan dadin. Horrela, eta 2018-2023 aldirako Euskadiko Plan Onkologikoan jasotakoa betez, bi aldeek erabaki dute Onkologikoa Osakidetzaren sarean integratzeko prozesuaren kudeaketak hastea, egungo lotura-eredua gaindituz.
Bi eredu horietan herritarrentzako laguntza-jarraitutasuna bermatuta dagoela kontuan hartuta, Osasun Sailak eta Onkologikoa Fundazioak uste dute, ondorio juridiko eta administratiboei, giza baliabideei eta asistentzia etengabe hobetzeari dagokienez, integrazioak bikaintasun-eredu baterantz aurrera egitea ahalbidetuko duela eta Euskadin, minbizia duten pertsonen arretan, aurrera egiten lagunduko duela.
Urrats hori bat dator Onkologikoan Euskadin erreferentziazko protonterapia-unitate bat ezartzeko proiektuaren hasierarekin; hain zuzen ere, zenbait tumore tratatzeko tresnarik modernoena, Euskadiko herritarren onerako.