Osakidetzak “LEP 2020+2021+2022+Egonkortzea” Lan Eskaintza Publikoaren Oinarri Orokorrak argitaratu ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA). Dokumentuak Lan Eskaintza Publiko berrian egingo diren blokeen eta prozesuaren berri ematen du: oposizio-lehiaketako blokea eta lehiaketako blokea. Ezartzen denez, 20+21+22+E Lan Eskaintza Publikoa prozedura bakarrean egingo da, eta 7.639 plaza sartuko dira deialdian.
Oinarri Orokorretan, 2020., 2021. eta 2022. urteetan EHAAn argitaratu diren eta urteko birjarpen-tasa (hau da, erretiroengatik edo heriotzengatik hutsik geratu diren plazen kopurua) ez ezik sortu berri diren eta Osakidetzak orain bere lan-eskaintzan sartu dituen beste plaza batzuk ere ezartzen dituzten erabakiak jasota daude, eta 3.919 plaza dira guztira.
Gainera, Gobernu zentralak Europar Batasunaren eskakizunei jarraikiz enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruz onartutako Legea betetzeko, Egonkortzeko LEParen deialdiko plazak 3.720 izatea erabaki da, Osakidetzako plantillan finkatzea lortzeko.
LEP 20+21+22+E honetan estatutupeko langile izateko zehaztu diren prozedurak lehiaketa (lehiaketako blokea), egonkortzeko 1.557 plaza hartuko dituena, eta oposizio-lehiaketa (oposizio-lehiaketako blokea), gainerako plazak (birjarpen-tasaren araberako urteko erabakien ondoriozkoak zein egonkortzeko gainerakoak) hartuko dituena, dira (6.082 guztira). Ebazteko modua merezimendu-lehiaketa izango da lehen kasuan, eta hautaproba (oposizio-fasea) eta merezimendu-lehiaketa bigarrenean.
Aurreko aldietan bezala, Oinarri Orokorrek Lan Eskaintza Publiko bati lotutako gainerako ohiko gaiak jasotzen dituzte, hala nola eskabideak aurkezteko lekuari eta moduari, ordaintzeko moduari eta onartutako eta baztertutako izangaien zerrendei buruzko arau orokorrak. Sartzeko txandak, kupoak eta modalitateak, izaera juridikoa eta enplegu-baldintzak. Lehiaketa- eta oposizio-faseei, hautaprobei, azterketei, emaitzei, merezimenduen balorazioari eta lanbide-esperientziari lotutako guztia. Baita emaitzen argitalpena, lehentasuna, destinoen esleipena, izendapena eta lanpostuaz jabetzea ere.
Aurreikusitakoaren arabera, datorren abenduaren 27an “LEP 20+21+22+E” Lan Eskaintza Publikoaren Oinarri Espezifikoak argitaratuko dira, eta, bertan, hautaketa-prozesuan sartutako lanbide-kategoriak eta haien kopurua jakinaraziko dira. Izangaiek lanbide-kategoria bakoitzaren alderdi zehatzagoei, eskatutako titulazioari eta gai-zerrendei buruzko informazioa aurkitu ahal izango dute, baita hautagaientzat interesgarriak diren beste informazio batzuk ere.
Oinarri Espezifikoak argitaratzen direnean, Osakidetzaren 20+21+22+E Lan Eskaintza Publiko berrirako deialdiaren inguruko dokumentuen argitalpen ofizialeko prozesua osatuta geratuko da.