Joan den ostiralean zentro soziokultural berri bat inauguratu zen, Bilboko gazteentzako erreferentzia-gune bihurtu nahi duena. Basurtu auzoko La Perrera eraikin berritua 12 eta 30 urte bitarteko gazteentzako berrikuntza sozialeko proiektu integrala da, eta, batez ere, informazioa eta orientazioa, emantzipazioa eta berrikuntza ditu helburu.
Azpiegitura berriaren espazio zabal eta berritzaileenetako bat Maker Gunea da. Ikerketa-, esperimentazio- eta sorkuntza-eremu horretan, ideiak partekatu eta proiektu teknologikoak garatu ahal izango dira, besteak beste, 3D inprimagailuak, fresatzeko makinak, laser ebakigailuak, ordenagailuak eta irakurgailuak erabiliz. Azken finean, Maker Guneak nerabeen eta gazteen prestakuntzan eta bokazio teknologikoak sustatzen lagundu nahi du, genero-arrakalak eta sozioekonomikoak gaindituz.
Gune horren ikonoa elkarlanean sortutako artelan bat da, Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikasleek eta Basurto ikastetxeko Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleekin lankidetzan garatu dutena. Proiektua sortu zen, Bilboko Udaleko Gazteria Arloa, Bilboko Hezkuntza Fakultateko Maker Lab ezagutu ondoren, Weblearner ikerketa-taldearekin harremanetan jarri eta elkarlanean hasi zenean.
Hain zuzen ere, La Perrera-n garatutako proiektua Weblearner taldearen STEAM estrategiaren barruan kokatzen da, zehazki, esku-hartze zuzenaren bidez, ikaskuntza-testuingurua eraldatzera bideratutako ildoan, unibertsitatearen, eskolaren eta hirietako aisialdiko guneen arteko interakzio-bideak ezarriz. “Oinarrizko gaitasunen garapena sustatu nahi da, gazteak arduraz ahaldunduta. Gure hirietan berdintasuna, ekitatea eta jasangarritasuna sustatzeko modu bat da, non lankidetza-lanak eta hezkuntzak bat egiten baitute herritartasun kritikoa eta gizarte-justizia handiagoa bultzatzeko”, azaldu du Arantzazu López de la Sernak, Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako Graduetako Praktiketako eta Genero Berdintasunerako dekanordeak.
“Bene-benetan emankorra da espazio publikoetan hirigintza jasangarria diziplinartekotasunez lantzea, non artea eta zientzia aisiaren parte baitira, eta gazteei, sortu, ikertu eta esploratzeko aukera ematen baitie, gozatuz, baina, aldi berean, egungo gizarte-erronkei erantzuna emanez”, erantsi du.
Weblearner taldea eta STEAM estrategia
STEAM hezkuntza (Zientziak, Teknologia, Hezkuntza, Artea eta Matematika) hainbat gaitasun garatzean oinarritzen da, irakasgai batzuk modu integratuan ikasiz, eta zientziari eta teknologiari ikuspegi erakargarriagoa ematen die ikasleen ikuspegitik. Euskal Herriko Unibertsitateak STEAM proiektuetan parte hartu du azken urteotan, ikuspegi berritzaile eta integratzailetik hezteko.
WebLearner diziplina arteko ikerketa-taldea da, eta UPV/EHUko bi ikastegitako ikertzaileen arteko lankidetzatik sortu da: Bilboko Hezkuntza Fakultatea eta Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskola. Talde honen helburu nagusietako bat Hezkuntza Teknologiaren ikerketa-eremuan sakontzea da, hezkuntzaren eta egungo eta etorkizuneko gizartearen erronkei erantzuten saiatzeko. Horretarako, hainbat ikasketa-programaren bidez ikertzen, berritzen eta trebatzen dute: Etorkizuneko Gelak, Competence, Maker Labs, Active Learning Methodologies, STEAM, eta Teknologia, Ikaskuntza eta Hezkuntza Unibertsitate Masterra (MUTAE), hezkuntza-teknologiaren esparruan ikerketa-, teknologia- eta irakaskuntza-berrikuntzako oinarri sendoa garatzen duena.
STEAM hezkuntzak, Euskal Herriko Unibertsitateak egindako ekimenek islatzen duten moduan, sinbiosi bat sortzen du irakaskuntzaren eta ikerketaren artean. Sinbiosi hori gero eta ohikoagoa da ikastetxeetan, eta, hala, irakaskuntzaren ikuspegi berri bat eta ikasteko modu berri bat lortzen da, oinarrizko gaitasunak esperientziaren bidez garatuz eta ikasleei gure gizartearen erronkei aurre egiten lagunduz.