Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak ezohiko bilera egin du Gasteizen Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea buru dela, eta TUBACEX TUBOS INOXIDABLES SA (Amurrioko eta Laudioko egoitzak), EXOLUM CORPORATION SA (Erribera Beitiako eta Zierbenako egoitzak) eta ACIDEKA SA (Zierbena) enpresen kanpoko larrialdi-planen eguneraketen aldeko txostena eman du, planak azken xedapen arau-emaileetara eta azken urteotan gertatutako larrialdietan metatutako esperientziara egokitu ondoren.
Batzordeak oniritzia eman die Zierbenan dagoen REPSOL LNG HOLDING SA enpresaren kanpoko larrialdi-plan berriari, Barakaldoko eta Zierbenako larrialdietako udal-planen eguneraketari eta Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren taktika operatiboen eguneraketari ere.
Bestalde, joan den martxoaren 12an egin zen Euskadiko Udal-mailako Babes Zibileko Talde eta Elkarteen Arduradunen II. Topaketaren balorazio positiboa egin du, eta bertan, beste hainbat gairen artean, adostu zuten urtero elkartzea kolektibo honek aldian behin eman ahal izan dezan bere premien berri eta babes zibilaren arloko bere proiektu eta proposamenak aurkezteko (formakuntza, ekipamendu teknikoa eta segurtasunekoa, etab.) aukera izan dezan. Ekimena Boluntariotzaren Aholku Batzordeak joan den hilean egin zuen bileran berretsi zen.
Azkenik, Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuen Aurreproiektuaren aldeko txostena ere eman du.
PARTE-HARTZAILEAK
Euskadiko Babes Zibileko Batzordea erakundeen arteko organo bat da, eta batzordekideak Segurtasun Saila, Osasun Saila, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila, Lehendakaritza, hiru foru-aldundiak, Eudel–Euskadiko Udalen Elkartea eta Estatuak EAEn dituen ordezkariordetzak dira.