“Bestalde, 2023rako hazkunde-aurreikuspenei dagokienez (BPGd-aren % 2,1), nabarmendu beharra dago ingurune geopolitiko oso nahasian eta ziurgabetasun handikoan egin direla”. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak horrela erantzun dio herritarrek Irekiaren webgunetik egindako galdera bati, #AzpiazuTopaketa ekimenaren barruan. Ekimen horren prozedurari jarraituz, galderak azaroaren 14tik 30era bitartean egin ziren.
Herritarrek kezka eragiten dieten gaiak planteatu ahal izan dituzte, jarduera publikoarekin eta Gobernuarekin lotutakoak; eta boto gehien jaso dituzten 20 galderei erantzun die Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak. Ekonomia, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua, Europako funtsak eta Ekonomia Ituna izan dira solasaldiaren ardatza.
Gobierno Abierto – Irekiako taldeak sustatutako ekimena da, euskal herritarren parte-hartzea eta haien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarreragina sustatzeko.
2023rako aurreikuspen ekonomikoetan sakonduz, Azpiazuk bere erantzunean honako hau onartu du: “2023an euskal ekonomia lotuta egongo den faktore batzuengan ez dugu eragiteko ahalmenik, eta horien bilakaera oso zalantzagarria da. Hala eta guztiz ere, ez dago zalantzarik inflazioaren bilakaera norabide egokian doala eta, joerari eutsiz gero, litekeena da 2023an zehar, bai Erreserba Federalak, bai Europako Banku Zentralak jarraitutako diru-politika zorrotza lasaitzea”.