Garapen Iraunkorreko arloak Barakaldoko animalien aterpera bisitan joan ahal izateko izena emateko epea ireki du

Garapen Jasangarrirako eta Ingurune Naturala Zaintzeko arloak Barakaldoko animalien aterpera lehen aldiz bisitan joan ahal izateko izena emateko epea ireki du. Ekimena ‘Maitasuna esku-eskura’ kanpainaren parte da eta helburua udalerrian abandonatuta utzi dituzten txakurrak eta katuak adoptatzea edo hartzea sustatzea da.

«Doako autobus bidaiak antolatu dira animaliak dauden instalazioetara, barakaldarrek animaliak ezagutu ditzaten eta beraientzako etxe berri bat aurkitzea errazteko. Bisitan instalazioak ezagutuko dituzte eta zelaian txakurrekin ibili edota katuekin jolastu ahal izango dira, talde txikietan», azaldu du Alba Delgadok.

Lehenengo hiru joan-etorriak urtarrilaren 14an eta 28an eta otsailaren 11an (larunbatak) izango dira. Autobusak 12:00etan irtengo dira Batzar Nagusien kalean dagoen geltokitik, Herriko Plazaren alboan, eta 14:00ak aldera itzuliko dira irteera puntura.

Barakaldon bizi den edozein pertsonak edo familiak eman dezake izena. Bigarren kasuan ezinbestekoa izango da familiako kideen kopurua eta horien izena eta adina adieraztea. Gainera, txakurrekin edo katuekin egoteko orduan lehentasunik izatekotan, hala adieraztea gomendatzen da. Plaza baino eskaera gehiago badaude, izen emateko hurrenkeraren arabera esleituko dira plazak.

Izena emateko epea bisitaren aurreko egunera arte luzatuko da. Hortaz, urtarrilaren 13ko eta 26ko eta otsailaren 9ko 23:59ra arte izena eman ahal izango da.

Izena emateko kanalak hauek dira: Udal Egoitza elektronikoa (www.barakaldo.eus), BakQ identifikazio elektronikoa, eta Herritarren Arretarako Zerbitzuko bulegoak (HAZ). Edozein zalantza edo galdera izanez gero, deitu honako telefono zenbaki honetara: 944.789.210.

Alba Delgadok gogorarazi duenez, 108 txakur eta katu familia berri bat aurkitzeko gogoz daude Barakaldoko etxeko animaliak biltzeko zerbitzuan, eta, hori lortzeko, Garapen Iraunkorreko eta Ingurune Naturaleko zinegotzigoak ekintza berriak abiarazi ditu azken asteetan, legegintzaldiko beste ekintza guztiekin batera.