AAC Akustika Aplikatuko Zentroa Arabako Parke Teknologikoan egoitza duen enpresa bat da, eta hainbat eremutan zarata aztertzen du. Ingurumen-zarataren azterketak, bibrazioen azterketak edo inguruneen isolamendua dira enpresa honek betetzen dituen funtzioetako batzuk. Enpresak 13 profesional ditu plantillan.
AACk egiten duen lanaren % 80 udalerrietako zaraten azterketekin lotuta dago. “Hiriaren diagnostiko bat egiten dugu, hainbat zarata-mailaren eraginpean dagoen biztanleriaren kopurua ikusten dugu, eta hori murrizteko planak egiten ditugu osasunaren ikuspegitik. Adibidez, trafikoaren, industriaren edo aisialdiaren soinu-inpaktua kalkulatzen dugu”, Alberto Bañuelos Irusta AACko zuzendari nagusiak azaldu duenez. Nabarmentzekoa da aurten enpresa arabarrak EAEko hiru hiriburuetako zarata-mapa egin duela, baita Barakaldokoa eta Castelló eta Alcobendas bezalako beste hiri batzuetakoa ere, adibidez.
Presentzia duen beste sektoreetan, AACk etxebizitzetan trenbideek edo tranbiek sortzen duten zarata eta bibrazioa aztertzen ditu, baita horiei nola eragiten dien ere, eta irtenbide bat garatzen du. Industria-eremuan, enpresa akustikoak konponbideak bilatzen ditu langileengan soinu-inpaktua murrizteko eta enpresek zaratei buruzko legeria betetzeko. Konpainiak Estatuko Portuak erakundearekin batera esku artean duen proiekturik garrantzitsuenetako bat portuetako zaraten azterketa hobetzeko metodologia espezifikoa garatzera bideratuta dago.
Azkenaldian, AACk 4.0 teknologia berriak txertatzearen aldeko errunaldia egin du zarataren balorazioan. Big Data, Adimen Artifiziala, Deep Learning edo IoT bezalako teknologia berrien bidez, “teknologia berrietan urrats bat ematea” bilatzen du, “irtenbide berritzaileagoak sortzeko eta hirietan edo industrietan balio eta informazio gehiago emateko. Adibidez, teknologia horien bidez datu-bolumen askoz handiagoa bildu eta azter dezakegu”, zuzendari nagusiak nabarmendu duenez. Proiektu berritzaile horietako bat SPRI Taldearen parte-hartzearekin gauzatu da, Hazitek programaren bidez.
Euskadiko eta Estatuko enpresa eta erakundeekin lan egiteaz gain, AACek bezeroak ditu Portugalen, batez ere altzairutegiak, eta zarata eta isolamendua aztertzeko lanak egiten ditu bertan. 2014tik sukurtsala du Kolonbian, eta “epe luzerako apustua da hori. Kolonbiako Gobernuarekin lan egiten dugu zarataren neurketari dagokionez indarrean dagoen legedia aldatzeko, eta badirudi bide onetik doala. Prozesu honen ondoren merkatu berri baten ateak ireki ditzakegula uste dugu”, amaitu du Alberto Bañuelos Irustak.
SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.