Barakaldok beste aurrerapauso bat eman du lehen sorospenen trebakuntzan. Amaia del Campo alkateak gaur goizean aurkeztu du herriko bi gaztek, Aritz Martinezek eta Adei Lópezek, proposatutako ekimena. Gazteek suspertze teknikak eta eztarriko trabamenduaren aurkako teknikak ikastea dute helburu, ondoren gazteen hezitzaile bihurtzeko. «Zenbat eta pertsona gehiagok jakin bizitzak salbatzen, orduan eta gehiago lagundu ahal izango dugu», adierazi dute prentsaurrekoan, non Barakaldo-Sestaoko ESIko Oscar Vázquezek ere parte hartu duen.
Hauxe da proiektuaren izena: Zuk ere salba dezakezu bizitza bat. Proiektu horren baitan, hamar gaztek oinarrizko bihotz-biriketako bizkortzeari, desfibriladoreei eta aire-buxadurari buruzko prestakuntza jasoko dute, horrela, ongizatean, osasunean eta prebentzio komunitarioan laguntzeko eragile kualifikatu bihurtuko dira. «Bihotz-biriketako bizkortze-teknikak (BBB) ezagutzeak bizitzak salbatzeko gaitasuna ematen digu. Ospitalez kanpoko geldialdi gehienak (8/10) etxeetan gertatzen dira, eta geldialdi horien % 15ak baino ez du jasotzen herritar baten BBB; horregatik, garrantzitsua da ezagutza horiek ezagutaraztea eta zabaltzea.
«Bizitzak salbatzeko, funtsezkoa da gertakaria antzematea, larrialdi-zerbitzuari arin deitzea eta BBB goiz hastea» adierazi du ESIko Vázquezek.
PRESTAKUNTZA HILAREN 10ETIK AURRERA
Hilaren 10ean, Barakaldo-Sestaoko ESIko BBB taldeak bi orduko prestakuntza-saio teoriko-praktiko bat eskainiko du Barakaldoko ISZn (17:30etik 19:30era), etorkizunean gazteak trebatuko dituzten hezitzaileentzat. Ondoren, hezitzaile horiek Giltzarriko gazteei prestakuntza eskainiko diete 2023ko otsailean eta martxoan, talde bakoitzeko bi orduko saio teoriko praktiko baten bidez. Hirugarren fasean, suspertze-maratoiak sustatuko dira, gazte gehiagok parte har dezaten.
«Proiektu honen bidez, herritar guztiak sentsibilizatu nahi ditugu, uler dezaten zeinen garrantzitsua den jarduten jakitea eta bihotz-masaje on bat ematea, balizko biktima hori egoera onean mantenduz, osasun-larrialdietarako zerbitzuak iristen diren arte», azaldu du Del Campo alkateak. «Jakin badakizuenez, kezkatzeko moduko kontua da; horregatik, Udalak ere haren garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta herriko adinekoen zentroetan desfibriladoreak eta eztarriko trabamenduaren aurkako mekanismoak jarri ditu. Orain, urtarrilean bertan, prestakuntza bat abiatuko dugu zentro horietako arduradunekin eta kafetegietako, ile-apaindegietako eta podologia farmazeutikoko arduradunekin batera» esan du.
«Ekimena, konpromisoa, lana, erantzukizuna. Proiektu honen bidez, balio horiek egotzi ahal dizkiegu Barakaldoko gazteei. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet, gazteen alderdi positiboak ikusarazteagatik, gizartearekin daukaten inplikazioa erakutsi baitute. Hori dela eta, arestian esan dudan bezala, proposamenaren muina bera alde batera utzita, uste dut proiektu honek erakusten digula benetan harro egon behar dugula hain aktiboa eta konprometitua den gazteria honetaz» adierazi du.