Zorroagak adinekoentzako apartamentuak eta eguneko zentroa estreinako ditu

Eneko Goia Donostiako alkate eta Zorroaga Fundazioaren Patronatuko presidentea gaur goizean instalazio berriak bisitatzen aritu da, Aitziber San Román Gizarte Ekintzako zinegotzia, Aintzane Urigüen Zorroagako zuzendaria eta Pertsonarengan Oinarritutako Arreta Integralaren (AICP) bere estrategian urrats bat gehiago eman duen Fundazioko arduradunak lagun.

Eneko Goiaren esanetan, “proiektu hau garrantzitsua da, eta agerian uzten du gure hiriak nola bideratzen duen adineko pertsonen arreta. Instalazio hauen erabiltzaileak eroso eta gustura egotea nahi dugu, haien inguruan. Zorroaga Fundazioak lan handia egiten du, kalitatezko zerbitzua eskaintzen du eta Donostiako beharretara eta errealitatera egokitzen da.”

Proiektu hau, “Zorroaga Fundazioak hiriko adinekoen beharrei erantzuteko asmoz eta euren bizi-proiektua eta jarduera garatzen jarraitu dezaten laguntzeko ekipamendu aitzindari baten bitartez abiarazitako prozesu konplexu baten amaiera da” azaldu du Aintzane Urigüen bere zuzendariak.“ Aukera hau paregabea eta errepikazina da -azpimarratu du- hirigunetik hain gertuko kokaleku batean mota honetako gizarte ekipamendu batekin kontatu ahal izateagatik. Adineko pertsonei jardunean jarraitzea eta komunitatearekin harremanak eta loturak mantentzea errazten diegu”.

Erabiltzaileak

Eraikin osoa hiru urtetan zehar birgaitu da, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak babesten duen fatxada errespetatuz. Bi zerbitzu ezberdin ditu barne: mendekotasuna duten pertsonentzako 30 plazako eguneko zentro bat eta 36 adineko pertsona autonomo edo mendekotasun maila arineko bizitzeko 34 apartamentu.