Gasteizko tranbiak bihar hasiko du probaldia Salburuako trazadura berritik

Bihar, asteartea, urtarrilak 10, Gasteizko tranbiak probaldia hasiko du Salburua auzotik igarotzen den tarte berritik, adarra datorren aste santu inguruan martxan jartzeko helburuarekin.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak amaitutzat eman ditu tranbia Salburuara luzatzeko eraikuntza-lanak, instalazioen arloan zenbait doikuntza, eta azpiegitura berriaren inguruko aldeak urbanizatzeko lanen faltan. Sortutako berdegune berrietan lorezaintza eta landaketa lanak ere egiten ari dira.

Hala, Eusko Trenbideak sozietate publikoa prest dago probak hasteko. Proba horiek bi hilabete baino gehixeago iraungo dute, eta horrela amaituko dira 2,5 kilometroko trazadura berria martxan jartzeko lanak. Ibilbide horrek bost geltoki berri (Santa Luzia, Iliada, Nikosia, La Unión eta Salburua) gehituko dizkio Arabako hiriburuko tranbia-sareari.

Tranbia Salburura iristeak 25 milioi euro inguruko inbertsioa eskatu du, eta Eusko Jaurlaritzak % 65a finantzatu du; gainerako % 35a, berriz, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak jarri dute, erdibana.

Probaldia

Bihar, urtarrilak 10, galiboen proba egingo da, tranbia-unitateek trenbide eta instalazio berrietan behar bezala zirkulatzen dutela egiaztatzeko. Lehen proba hori amaitutakoan, hurrengoak etorriko dira, aurreikusitako tarte berria datorren aste santu inguruan merkataritza-zerbitzuan jarri arte:

  • Trenbideko seinaleak: Gasteizko kaleetako tranbien, oinezkoen eta gainerako erabiltzaileen zirkulazioaren kudeaketa optimoa eta segurua lortzeko probak.
  • Proba dinamikoak Gasteizko tranbien zerbitzuko 500 eta 600 serieetako unitateekin, tarte berrian unitate horien zirkulazioaren segurtasuna egiaztatzeko.
  • Erabiltzaileentzako informazio-sistemen probak. Sistema enbarkatuak tranbia-zerbitzuari buruz herritarrei eman beharreko informazioa behar bezala ematen duela egiaztatuko da.
  • Zerbitzuko langileen prestakuntza-aldia.
  • Eta, azkenik, “martxa zuriko” probak, egun batzuk geroago martxan jarriko den merkataritza-zerbitzua simulatzeko. Fase horretan, egungo merkataritza-zerbitzuko tranbiak Florida-Salburua tartean ere ibiliko dira, bi noranzkoetan, baina erabiltzailerik gabe. Horri esker, ibilbiderako denborak, sistema guztien funtzionamendu egokia, desbideratze posibleen detekzioa eta horien zuzenketa egiaztatu ahal izango dira.

Segurtasuna eta bizikidetza tarte berrian

Tranbia-zerbitzuen ezaugarria, aurreikusteko modukoak eta seguruak izatea da, sistema horren eta herritarren artean lortutako bizikidetza onari esker, bai herritarrak oinez egiten dituzten joan-etorrietan, bai beste garraiobide batzuetan (autoak, bizikletak, patinete elektrikoak, etab.) doazenean. Proben hasiera dela eta, Euskotrenek garraiobideen arteko elkarbizitzarako gomendioak jakinaraziko ditu, Florida eta Salburua artean eraikitako tarte berriko bizilagunen artean batez ere, tarte berriko kale eta errepideetan gorabeherak eta istripuak gertatzeko arriskua murrizteko.

Euskotrenek auzoko ‘bizilagun’ berria aurkeztuko du, eta, horrekin batera, inguru horretan dauden joan-etorri premiei erantzuteko diseinatuta dagoen tranbia zerbitzuaren inguruan kontuan hartu beharreko alderdiak azalduko ditu. Zehazki, tranbien lehentasuna, trenbide- eta trafiko-seinaleak errespetatzeko beharra eta unitateen pasaguneetan jarrera zuhurra izatearen garrantzia nabarmenduko dira.