Seriearen txosten berri honetan hauxe aztertzen du: zenbat kostatzen zaion, teorian, soldatapeko 18 eta 34 urte bitarteko gazte bati bere kabuz emantzipatzea, etxebizitza erosten badu zein alokatzen badu.
Horretarako hamabi adierazle kalkulatzen dira; adierazle horiek etxebizitza librea zein babestua erosteak edo alokatzeak dakarren kostu teorikoa adierazten dute. Kostu teorikoa da, oinarritzat hartzen diren datuak batezbestekoak baitira: erosten edo alokatzen diren etxebizitzen batez besteko prezioak, gazteen batez besteko soldatak eta hipoteka-maileguen baldintza arruntak. Beraz, egoera orokorrak aztertzen dira eta ez kasu indibidualak.
Datuak eta beraien bilakaera Euskadi osorako aurkezten dira, bai eta lurralde historiko bakoitzerako ere. Gainera, sexuaren eta adin-taldeen arabera bananduta azaltzen dira.
Txostenaren emaitzek adierazten dute, laburbilduz, etxebizitza librea jabetzan hartzeko kostua, hau da, 18 eta 34 urteko soldatapeko pertsona batek merkatu librean etxebizitza bat erosteko hipotekaren lehen hilekoa ordaintzeko erabili beharko lukeen hileko soldata garbiaren ehunekoa % 52,9 izango litzateke 2021ean. Ehunekoa 4 puntu jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta.
Etxebizitza librea alokatzeko kostua, hau da, soldatapeko gazte batek alokairu errenta ordaintzera bideratu beharko lukeen soldataren proportzioa % 51,1 izango litzateke 2021ean, 2020koa ( % 52,7) baino pixka bat txikiagoa.
Zifra horiek gomendatutako gehienezko zorpetze-mugaren gainetik daude; muga hori soldataren % 30ean ezartzen baita.
Etxebizitza babestuak, aldiz, eskuratze-kostu onargarriagoak dakartza soldatapeko gazteentzat. 2021ean etxebizitza babestua erosteak hileko soldata garbiaren % 28,8 hipoteka ordaintzera bideratzea eskatu du, eta etxebizitza babestua alokatzeak are gutxiago, alokairu-errenta ordaintzera soldataren % 28,1 bideratzea baitakar. Etxebizitza babestuak, beraz, aukera ematen die bakarrik emantzipatu nahi duten gazteei beren kontura bizitzeko gainesfortzu ekonomikoaren arriskurik gabe.