Martxoaren 3ko Memoriala sortzeko konpromisoa berretsi du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Trantsizio Sozialerako eta Agenda 2030erako idazkari nagusi Jonan Fernándezekin batera. Azken horrek Gazteen Euskal Behatokiaren «Etxebizitzen emantzipazioaren kostua Euskadin 2021» txostena aurkeztu du. Txostenaren helburua 18 eta 34 urte bitarteko soldatapeko gazte batentzat etxebizitza erosita edo alokatuta bakarrik emantzipatzea zer nolako ahalegin ekonomikoa neurtzea da.

Jonan Fernándezek azaldu duenez, txosteneko datuek berretsi egiten dute gazteen emantzipazioa bultzatzeko estrategia espezifiko bat hedatzeko beharra eta garrantzia. Idazkari nagusiaren hitzetan, «datuek erakusten dute gazte batek zailtasun handiak dituela, batez besteko soldata bat kobratzen baitu, etxebizitza-merkatu librean emantzipatzeko». Hori dela eta, esan du bere sailaren lehentasuna dela 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzako emantzipaziorako laguntza ekonomikoa martxoa baino lehen definitzea, eta iragarri du data horretan eskuragarri egongo dela emantzipaziorako eta gazteen mugikortasunerako orientazioko eta laguntza pertsonalizatuko Gazte-ibilbideak abiarazteko zerbitzua.

GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIAK

Ohikoa denez, Bingen Zupiria bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren beste erabaki batzuei buruzko informazioa eman du. Besteak beste, honako hauek nabarmendu ditu:

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman die 2023rako Gales, Flandria eta Korsikako eskualdeekin lankidetza teknikoko proiektuetarako laguntzei. Gaurko akordioarekin 40.000 euro gaitzen dira alde biko jarduera- edo lankidetza-proiektuak proposatzeko. Lankidetza horiek mugikortasunari, zerga-politikei edo nekazaritzako elikagaien industriei buruzkoak dira, eskualde bakoitzarekin interes komunak dituzten gai ugariren barruan.

Era berean, Gobernu Kontseiluak 2022-2026 Gizarteratzeko V. Euskal Plana onartu du gaur. Plan horren bidez, desberdintasun-arrakala berriak eten, enpleguko pobrezia murriztu eta prestazioen eraginkortasuna areagotu nahi dira.

Jaurlaritzak euskal funtzio publikoan ordezkaritza duten sindikatuen jarduera errazten duten laguntzak onartu ditu. Hauek dira: Euskal Autonomia Erkidegoko eta erakunde autonomoetako funtzionarioak eta lan-kontratuko langileak; Osakidetzaren zerbitzuko estatutupeko eta lan-kontratuko langileak; unibertsitateaz kanpoko irakasle publikoak; Ertzaintzako langileak; Hezkuntza Sailaren eta Segurtasun Sailaren mendeko lan-kontratuko langileak. Guztira, laguntzaren zenbateko osoa 432.000 eurokoa da.

Hezkuntza Sailaren eskutik, Jaurlaritzak itunpeko ikastetxeetako 18 liberatu sindikalen kostua finantzatzea erabaki du, guztira 1.170.000 euro. 12 sindikalista dira Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan, eta 6 liberatu sindikal Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ikastoletan.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman die Euskadiko 12 udalerritako 14 auzo kalteberen hiri-berroneratzeko prestatu diren laguntzei. 93 milioi euroko partida da, Euskadiko auzo kalteberen hiri-berroneratze integralerako planaren barruan sartzen diren proiektuak finantzatzeko. Plan horretan duela sei urtetik ari dira lanean, eta dagoeneko 21 udalerri hartzen ditu.

Garapenerako lankidetzaren arloan, defendatzaileen defentsan lan egiten duten Afrikako erakundeentzako zuzeneko bost dirulaguntza onartu ditu Gobernuak.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena