Tokiko Gobernu Batzarrak 2023an Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) esleitzeko Jarduera Irizpideak onartu ditu, eta 3.250.000 euro laguntza horiek emateko.
Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi duenez, “Udaletik, eta Lan Partekatuaren Planean zehaztutako laguntzen bidez, baliabide propioak bideratzen jarraituko dugu inor atzean ez uzteko”.
2022an 3.394.601 euro bideratu ziren Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara, baina urtean zehar energiaren gastuaren igoeraren eragina arintzeko egin beharreko aparteko ekarpenaren ondoren, zenbatekoa 3.930.000 eurokoa izan zen. Halaber, 2022 urtean zehar, GLLak jasotzeko 3.236 eskaera jaso ziren.
2023ari buruzko irizpideak onartzeko, kontuan hartu da, besteak beste, laguntzen tramitazioan eta ordainketan izandako atzerapenak zaildu egiten dutela diru-sarrerarik ez duten edo diru-sarrera txikiak dituzten familiek alokairu-errentak edo hipoteka-kuotak ordaintzea. Eta errealitate honek arriskuan jartzen du pertsona horiek etxebizitza bat eskuratzeko duten aukera.
Berehala izapidetzen hasiko dira, premiazkotzat jotzen direlako, urtean zehar hilero ordaintzen diren laguntzak, etxebizitzan sartzeko laguntza puntualak barne.
Irizpideei aplikatu zaizkien aldaketen artean, nabarmentzekoa da, adibidez, etxebizitza osoa alokatuz gero, etxebizitza horren alokairu-kostuan 1.000 euroko muga ezartzea.
Halaber, eta elikadura laguntzei dagokionez, honako hau onartu da: kide batez osatutako Etxebizitza Unitateak (EU), gehienez, 385 euroko dirulaguntza jasotzea; 2 kideko EUak 500 eurokoa, eta 3 kidekoak, gehienez 550 eurokoa.
Andoain kaleko horma
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Andoain kalean ainguratutako horma egiteko proiektuaren eguneraketari dagozkion hondakinen kudeaketari, segurtasunari eta osasunari buruzko kapituluen zuzenketa jasotzen duen proiektu berria.
Proiektu berri honen aurrekontua 493.269 eurokoa da.