Josu Erkoreka Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak lagunduta, gaur goizean inauguratu du Arkauten Euskal Poliziako agenteen hurrengo promozioa hautatzeko eta prestatzeko ikastaroa. Guztira 532 ikasle dira, eta profil hau dute:
-
- Ia % 30 (159) emakumeak dira.
-
- % 77 18 urtetik 33 urtera bitartekoak dira.
-
- Gehienak, % 63,9, Bizkaiko Lurralde Historikoan bizi dira. % 18,6 Gipuzkoan eta % 11,2 Araban.
-
- 10etik 7k dute B2 edo C1 euskara-maila egiaztatuta.
-
- Destinoei dagokienez, (*azpiko taula):
-
- Gehienek (402 pertsonak, % 75,5ek) Ertzaintzako agente izateko hasiko dute formakuntza.
-
- Gainerako 130ak lehiaketa-oposaketara plazak atera dituzten 27 udaltzaingoetako batean sartuko dira, eta Bilboko Udala da plaza gehien eskaini dituena, 60 plaza, hain zuzen ere.
-
- Destinoei dagokienez, (*azpiko taula):
Belaunaldien arteko txanda eta emakumea sartzea
Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak adierazi duen bezala, zenbaki horiek agerian jartzen dute belaunaldien arteko txanda gauzatzen ari dela Ertzaintzan eta Euskadiko udaltzaingoetan, eta gero eta gehiago direla gazteak, ongi prestatuak eta euskaldunak.
Bestalde, gero eta emakume gehiago ere sartzen dira, eta agente-ikastaro berri honetan jada % 30ekoa da emakumeen presentziaren oinarria Ertzaintzan eta Euskadiko udaltzaingoetan sartzeko prozesuetan. Horrez gainera, promozio honetatik aurrera jada egiazta daitezke Emakumeak Ertzaintzako oinarrizko eskalan sartzea sustatzeko lehenengo plana 2026 izeneko planarekin ezarritako neurri zuzentzaileen emaitzak: gaur Arkauten sartuko diren 159 emakumeetatik 7k atera diote etekina emakumeek betetzeko erreserbatutako plazen ehunekoari. Orain helburua da pixkanaka hautaketa-prozesu bakoitzean sartuko diren emakumeen % 40ko gehienekora iristea: 2023. urtea, % 35; 2024. urtea % 37; 2025. urtea, % 39; eta 2026. urtea, % 40.
Bederatzi hilabeteko formakuntza eta urtebeteko praktikaldia in job
Gaur hasi eta datozen 9 hilabeteetan, Euskal Poliziako 532 izangaiek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak diseinatutako formakuntza teoriko eta praktiko trinkoa jasoko dute Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente izateko behar diren ezagutzak, gaitasunak eta trebeziak eskuratzeko. Aurten formakuntza indartu egin da, eta, esate baterako, aipatzekoa da UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Askatasun Publikoen Unesco Katedrarekin berriki izenpetu den hitzarmena, Giza Eskubideen kultura, oro har, eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean eta gainerako jurisprudentzian indarra erabiltzeari eta horren mugei buruz ezarritakoa, bereziki, lantzeko formakuntza praktikoa emateko.
Formakuntza-etapa hori gainditzen duten agenteek diploma eskuratuko dute, eta 12 hilabetean in job praktikaldia hasiko dute behin-behineko plaza lortu duten Euskal Poliziako kidegoetan. Hartzen dituen polizia-kidegoko oinarrizko eskalaren arabera ordaindutako praktikak izaten dira. Praktikaldi hori gaindituz gero, agenteak behin betiko karrerako funtzionario izatera pasatuko dira.
Destinoei buruzko informazio xehatua