Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Kataluniako Hezkuntza kontseilaria hartu du gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Eguerdiko 12ak pasatxoan, Josep Gonzàlez-Cambray eta Kataluniako Gobernuko gainerako ordezkariekin elkartu da Jokin Bildarratz sailburua.
Bilera bi arduradunek hezkuntza arloko gaien inguruko azterketa partekatzeko erakutsi zuten interesaren ondoren burutu da. 2021eko abuztuan izan zuten bi sailburuek lehen harremana Bartzelonan. Bertan, hezkuntza-arloko esperientziak eta bi gobernuentzako funtsezko diren proiektuak trukatu ahal izan zituzten. Gaurko bilera honetan, Eusko Jaurlaritzatik Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak eta Jose Ignacio Bañuelos Kabinete zuzendariak hartu dute parte, Bildarratz sailburuarekin batera. Gonzàlez-Cambray kontseilariarekin batera, Patrícia Gomà Hezkuntzako idazkari nagusia, Nuria Mora Hezkuntza Eraldaketarako idazkaria eta Gemma Espanyol kontseilariaren kabineteko zuzendaria izan dira.
Bileran, hezkuntza eremuarekin lotutako hainbat alderdiri buruzko beren ikuspegia azaldu dute bi ordezkariek, baina sakonen jorratu diren gaiak honako hauek izan dira: eskola-segregazioaren aurkako politikak eta Lanbide Heziketa.
Konpromiso partekatua
Hezkuntza sistema osoan ikasle zaurgarrien eskolatze orekatua lortzeko Eusko Jaurlaritza garatzen ari den lan-ildoak azaldu dizkio Bildarratz sailburuak Gonzàlez-Cambrayri. Eusko Legebiltzarraren gehiengo handi baten babesarekin dagoeneko garatzen ari diren neurriak aurkeztu ditu Bildarratzek, baita epe laburrean ezarriko direnak ere. Horien artean, datorren ikasturterako onarpen-araudia aldatu izanaren garrantzia nabarmendu du. Neurri horien helburua da eragin-eremu berean funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztiek ikasle zaurgarrien ehuneko bera eskolatzea. Ildo horretan, Katalunian bizitako esperientzia arretaz aztertzeak izan duen garrantzia nabarmendu du Bildarratzek, baita Xavier Bonal Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleak Eusko Jaurlaritzarekin izan duen lankidetza ere, Kataluniako Eskola-Segregazioaren aurkako Itunaren bultzatzaile izan baita ikertzaile hau.
Baina jarduera-ildo berrienez gain, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen dituen ekitate eta inklusio-politikak ere partekatu dira bileran, hala nola: suizidioa prebenitzeko estrategia, eskola inklusiboaren esparru-plana; gaitasun handiko ikasleei arreta emateko plana; hezkidetza-plana edo hezkuntza indartzeko berariazko planak.
Lanbide Heziketa
Lanbide Heziketari dagokionez, hainbat gai aztertu dira bileran: matrikulazio-prozedura, egungo eskaintza eta epe labur eta luzerako eskaintza, prestakuntza-ibilbideak, ikasleen orientazioa edo enpresekiko harremana Lanbide Heziketa Duala bultzatze aldera, jorratutako beste zenbait gairekin batera. Arduradunek nork bere esperientzia eta helburuak azaldu dituzte, eta bi gobernuentzako ezinbestekoa den prestakuntza mota hau hobetzen jarraitzeko interesa agertu dute.
Beste ezer baino lehen, bihar goizean bertan, Bildarratz sailburuak Gonzàlez-Cambray kontseilariarekin batera Tknika bisitatuko du, Euskadiko Lanbide Heziketaren berrikuntza aplikatuko zentroa. Bertako arduradunek Kataluniako ordezkaritzari azalduko dizkiote Euskadiko Lanbide Heziketa gaur egun lantzen ari den proiektuetako zenbait. Proiektu horiek, Tknikan garatu ondoren, Euskadiko Lanbide Heziketako zentroetara bideratuko dira, etorkizuneko profesionalak prestatzeko.