Emakunde Saria, 2022ko edizioan, On-giz: ezberdinen elkartearentzat izan da. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta hamarkada batez baino gehiagoz maskulinitate berrien inguruan lan egin du, gizon-talde ugari sortuz, eta, ondoren, emakumeekin ere hasi da lanean. Emakumeekin osatutako taldeetan, emakumeen ahalduntzea eta lidergo pertsonala eta kolektiboa lantzen dira, eta, bestalde, gizonekin osatutako taldeetan gizonen dominazioaz, sexismoaz eta patriarkatuaz jabetzea lantzen da, baita maskulinotasun hegemonikoaren oinarri diren botere- eta lehiakortasun-harremanez jabetzea ere.
Epaimahaiak On-gizek gizon-taldeekin, emakume-taldeekin eta talde mistoekin egindako lana baloratu du, “maskulinitate eta feminitate hegemonikoen ereduak birpentsatu eta deseraikitzeko eta genero-identitate alternatibo, askatzaile eta ez-hegemoniko berriak eraikitzen laguntzeko”. Gizartean egiten ari den lana nabarmendu du, “berdintasunerako eta deseraikitze patriarkalerako sentsibilizazioan, kontzientziazioan eta prestakuntzan, bai euskal lurraldean, bai estatuan eta nazioartean”.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak On-giz elkarteari emandako saria euskal erakundeek gizonak berdintasunean inplikatzeko egiten ari diren ahaleginaren barruan kokatu du. Hala, gogorarazi du azaroaren 25eko erakunde arteko azken kanpaina gizonei zuzendu zitzaiela, eta Emakundek urtea maskulinitateei buruzko nazioarteko kongresu batekin itxi duela. “Sari honek erakusten du berdintasuna lortzeko beharrezkoa dela gizonen eta emakumeen ekarpena, eta gizonen inplikazioa bultzatzeko ahalegina egin behar dela”, esan du sailburuak. “Gizonen sentsibilizazioan eta inplikazioan eta emakumeen ahalduntzean eta lidergoan lan egiten jarraitu behar dugu, berdintasunean aurrera egin ahal izateko funtsezko osagaiak direlako”, gaineratu du. Artolazabalek, halaber, gogorarazi du gizonekin lan egitea hainbat arau eta gidalerrotan jasotzen den helburua dela, hala nola Berdintasunerako Lege berrian, “zeinak printzipio orokorren artean jasotzen baitu administrazio publikoen beharren artean dagoela gizonek berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka kontzientziatu eta haien parte hartzea eta inplikazioa sustatzea”, edo Berdintasunaren eta Emakumeen aurkako Indarkeriarik Gabeko Bizitzen aldeko Herri Itunean, “zeinaren konpromisoetako bat baita gizonekin eta mutilekin lan egitea”, bai eta berdintasun-politiken nazioarteko esparruan ere. “Gizonen konpromisoa beharrezkoa da, batez ere, etxeko lanetan eta zaintza-lanen erantzunkidetasunean, bai eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan ere, hurrengo belaunaldiei berdintasun-balioak eta berdintasunezko gizonen ereduak transmititzeko duten zeregina ahaztu gabe”, adierazi du Artolazabalek.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestaren hitzetan, bestalde, “emakumeen ahalduntzea eta gizonek berdintasunarekin duten inplikazioa dira, konbinatuta, berdintasunezko eta indarkeria matxistarik gabeko gizarte baterantz aurrera egitea ahalbidetzen diguten bi osagai nagusiak”. Bere ustez, “bi esparru horietan lanean jarraitu behar dugu, elkarren osagarri eta beharrezkoak baitira, eta gaur egun atzo baino tresna gehiago ditugu hori egiteko, lege berri bat dugu, eta honen aginduei erantzuna eman behar diegu”.
Epaimahaiak modu positiboan baloratu du hautagaitza hori bat etortzea gizonak interpelatzen dituzten hainbat lan-ildo eta erakunde arteko kanpainekin. Are gehiago testuinguru soziala kontuan harturik, zeinean aurrera egin den gizonen kontzientziazioan eta inplikazioan berdintasunaren eta indarkeriarik gabeko gizarte baten alde.. Halaber, sari honen bidez, epaimahaiak berdintasunaren alde lan egiten duten beste erakunde eta kolektibo batzuen lana baloratu nahi izan du, gizonen beharrezko inplikaziorik gabe berdintasuna ezinezkoa dela ulertuta.
On-gizen aldetik, Ester Molinerok eta Xabier Odriozolak hitz egin dute. Azaldu dutenez, “sari hau gaur egun gure elkartean parte hartzen dugun 120 emakume eta 85 gizonentzako saria da, batez ere taldeen 20 dinamizatzaile boluntarioentzat, denen artean gure sexismoa eta gizartearen sexismoa desprogramatzeko apustu argi eta aktiboa egiten dugulako”. Haien hitzetan, “hasieratik gure helburua sistema patriarkala eta sexismoa gainditzea izan da, eta pertsona guztientzat berdintasunezkoa izango den gizarte bat bilatzea”.
On-giz gizon talde bakarrarekin hasi zen, eta, gaur egun, 9 gizon talde eta beste 10 emakume talde daude aktibo elkartean. Hamabostean behin biltzen dira Gasteizen eta Arabako herri batzuetan.
Sariaren helburua
Emakunde Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridikoen, publiko zein pribatuen, jarduna jendaurrean aitortzea. Sariak 14.400 euroko zuzkidura gordina du.
Aurreko urteetan saritutako hautagaiak