Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Kardiologiako eta Kirurgia Kardiakoko zerbitzuek Atricureren Convergent teknika erabili dute Estatuan lehen aldiz eboluzio luzeko fibrilazio aurikular iraunkorra zuen, klinikoki sintomatikoa zen eta terapia konbentzionalak balio izan ez zion 57 urteko paziente batean. Fibrilazio aurikularra ohiko arritmia mota bat da, ezintasun handia eragin dezake eta enboligenoa izan daiteke, eta pultsu irregularra eta bihotz-maiztasun handia eragin ohi ditu.
Convergent teknika tratamendu hibrido bat da eta arritmiaren ablaziorako bi teknika konbinatzen ditu; batetik, endokardiakoa kateter bidez, elektrofisiologiako laborategian, eta, bestetik, ablazio epikardiko kirurgikoa.
Tratamendua bi alditan egiten da. Lehen interbentzio kirurgikoan, 3 cm-ko ebaki bat egiten da bularrezurraren behealdean, perikardiora iristeko. Perikardioan, zorro bat sartzen da, eta bertatik sartzen dira kamera torakoskopiko bat eta irrati-maiztasun monopolarreko elektrodo bat. Ikuspegi endoskopikoarekin, irrati-maiztasuneko lesioak egingo dira ezker-aurikulako atzealdean eta birika-zainetako batzuetan.
Bigarren interbentzio kirurgikoan, lehenengotik 15 egunera, kateter bidezko ablazioa egiten da elektrofisiologiako gelan, birika-zainen ablazioa osatzen da eta, boltaje endokardikoen mapaketa bidez, atzeko pareta eta birika-zainak isolatu direla egiaztatzen da.
Orain arte, eboluzio luzeko fibrilazio aurikular iraunkorra zuten pazienteak ez ziren kateter bidezko ablaziorako hautagai, eta arritmiarekin eta bihotz-maiztasuna kontrolatzeko tratamendu antiarritmikoekin bizi behar izaten ziren.
Eboluzio luzeko fibrilazio aurikular iraunkorra
Zer da eta zein dira haren sintomak
Fibrilazio aurikularra arritmia mota bat da, eta pultsu irregularra eta bihotz-maiztasun handia eragin ohi ditu. Fibrilazio aurikular iraunkorraz ari gara arritmia ezin denean berez erritmo normalera bueltatu eta eboluzio luzeko fibrilazio aurikular iraunkorrari buruz, berriz, 6 hilabete eta urtebete artean daramanean edo arritmia jada itzulgarria ez denean uste denean.
Askotariko sintomak eragin ditzake; tartean, hauek: inolako sintomarik ez izatea, ahalegina egiteko gaitasuna asko murriztea eta bihotz-gutxiegitasuna –ospitaleratzea behar izaten da–. Gainera, fibrilazio aurikularrak iktus bat izateko arriskua nabarmen handitzen du eta, azken batean, hilkortasuna ere areagotzen du.
Zein dira tratamendua, kausak eta prebalentzia?
Fibrilazio aurikular iraunkorraren tratamendua, batik bat paziente gazteetan edo sintomak eragiten dituenean, erritmo normala leheneratzea da (farmakoekin edo shock elektrikoaren bidez). Erritmo normala leheneratu ondoren, birika-zainen ablazio bat egiten zaie pazienteei. Kateterismo bat da, arritmietan espezializatutako kardiologo batek (elektrofisiologia) egiten du eta honetan datza: bihotzaren barruan sartzen den kateter batekin arritmia eragiten duten fokuak «erretzen» dira, eta asko murrizten da hura berriz garatzeko arriskua.
Nolanahi ere, erritmo normala leheneratu ezin daitekeen eta eboluzio luzekoak diren fibrilazio aurikular iraunkorra duten pazienteentzat, tratamendu hau ez da nahikoa, eta egungo alternatiba geratzen zaie; hots, elektrofisiologiaren eta kirurgia kardiakoaren arteko hibridoa.
Kausa asko daude fibrilazio aurikularren presentziari lotuta: hipertentsio arteriala, alkoloharen kontsumoa, diabetesa, kardiopatia iskemikoa, gehiegizko kirola, adina eta tiroidearen disfuntzioa, besteak beste.
% 2 inguruko prebalentzia du 40 urtetik aurrera, eta pixka bat areagotzen da adinarekin.