Ia gazteen erdiek uste dute Euskadin erlijio edo sinesmenengatiko diskriminazioa oso edo nahikoa hedatua dagoela

Urtarrilaren hirugarren igandean Erlijioaren Munduko Eguna ospatzen da, erlijio-sinesmenengatik pertsonen arteko tolerantzia sustatzeko eta kultu-askatasuna eskubide unibertsal gisa errespetatzeko helburuarekin.

Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak atera berri duen ikerketa baten arabera, 18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 11k uste du Euskadin erlijioarengatiko edo erlijio-sinesmenengatiko diskriminazioa oso hedatua dagoela eta beste % 35aren ustez, nahikoa hedatua dago. Guztira, gazteen % 46k dio gure autonomia-erkidegoan erlijio-sinesmenengatiko diskriminazioa oso edo nahikoa hedatua dagoela. Aitzitik, gazteen % 48k ez dagoela oso hedatua dio eta %6k ez dagoela batere hedatua.

Gazteak dira erlijioarengatiko diskriminazioa oso edo nahikoa hedatua dagoela gehien diotenak. Ideia hau gero eta gutxiagok bereganatzen dute adinean gora egin ahala.

Aipatutako datuak Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako inkesta batetik datoz. Inkesta hori 2022ko urrian burutu zen eta bertan 1.314 pertsona elkarrizketatu ziren. Pertsona horietatik 409, 18 eta 29 urte bitarteko gazteak ziren. Datuak “Aniztasuna eta Elkarbizitza” izeneko txostenean kontsulta daitezke.