Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzak eta Basque Cybersecurity Center-ek lan-topaketa bat egin dute gaur goizean Madrilen Finlandiako Enbaxadako eta Finlandiako hainbat enpresatako ordezkariekin, zeintzuk gai baitira Estatuan aliatu estrategikoak bilatzeko eta interesa erakutsi baitute Euskadiko zibersegurtasunaren ekosistema teknologikoaren gaitasunak ezagutzeko.
Bilera hori Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen ordezkaritzan egin da, eta hauexek parte hartu dute Euskadiren aldetik: Estíbaliz Hernáez, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Leyre Madariaga, Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendaria, Javier Diéguez, Basque CyberSecurity Centre-BCSCko zuzendaria, Cybasque–Euskadiko Zibersegurtasun Klusterreko enpresa multzo handi bat, Xabier Mitxelena (Accenture) presidentea buru zutela, eta baita ere Jesús Urien (PriceWaterhouseCoopers), Enrique Domínguez, (Entelgy Innotec Security), Iñaki Paracuellos (S21sec, THALES taldeko konpainia) eta Salvador Trujillo (Ikerlan, Mondragon Korporazioko RTO).
Bestalde, hauek izan dira Finlandiako ordezkaritzako kideak: Daria Mashkina, Business Finland agentziaren ordezkaria; Peter Sund, Finnisk Information Security Cluster-eko zuzendari nagusia; Juan Pérez, Cybersecurity Lead (Nokia Spain); Iván Vázquez, Key Account Manager Iberia (F-SecureCorporation); Armand Heijster, Global Head of Sales (F-SecureCorporation); Jani Heikkinen, Country Manager (IMQ); eta Toni Pesonen, Team Leader IT & Cyber Security (IMQ).
“Meet the Basque Cyber Security Ecosystem” lan-topaketan bertatik bertara aurkeztu dira Estatuan aitzindaria eta Europan erreferentea den Zibersegurtasunaren euskal ekosistema teknologikoaren gaitasunak.
Europar Batasunaren mehatxu eta arrisku berrien inpaktuak murrizteko, Europako Batzordeak zibersegurtasun arloko estrategia bat markatu zuen, zeinaren helburua baita Europaren askatasun eta demokrazia baloreak bultzatzea eta ekonomia digitalaren hazkunde segurua ziurtatzea. Orduantxe eman zen ezagutzera Euskadi ekosistema berezi gisa, alegia, ekosistema bat gai zena zibersegurtasun arloko teknologia diseinatu eta garatzeko, eta eredu bezala aurkeztua izan zen Europako Batzordearen eta EDA edo ENISA bezalako organismoen aurrean. Gaitasun horiek Estatu Batuetako lehen mailako foroetan ere aurkeztu dira, hala nola MIT-en edo RSA Conference-n.
Testuinguru horretan eta Eusko Jaurlaritzaren bultzadari esker sortu zen Basque CyberSecurity Centre hainbat helbururekin, besteak beste, zibersegurtasun arloko neurriak sustatzea industrian, nagusiki euskal ekonomiarentzat estrategikoak diren sektoreetan, euren heldutasun maila handitzeko -eta, hortaz, babestuagoa egoteko zibermehatxuen aurrean- eta lehiakortasun-abantaila bat izateko. Bigarrenik, zibersegurtasun sektorearen hazkundea sustatu eta bultzatzea, Euskadin duela 20 urte abiatu zena konpainia beteranoenen sorkuntzarekin, zeintzuk Estatuko ezagunenak izaten jarraitzen baitute: Panda Security eta S21sec. Konpainia aitzindari haiek sortu zirenetik etengabe hazi da ekosistema eta, hala, Espainiako zibersegurtasun arloko startup gehienak Euskadin daude, horietarik askok euren teknologia propioa garatzen dutelarik. Eta badago hori guztia indartzen duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sare bat, parekorik ez duena ez Estatuan, ez eta Europan, adibide gutxi batzuk kenduta.
2019ko apirilean, Eusko Jaurlaritzak bilera diplomatiko bat egin zuen Madrilen hainbat Enbaxadatako ordezkariekin Euskadiko zibersegurtasun arloko gaitasunak aurkezteko. Bilera haren ondotik, Eusko Jaurlaritzak eta Finlandiako Enbaxadak (lehentasunezko herrialdea Euskadi Basque Country 2025 Nazioartekotzeko Esparru Estrategiaren arabera) bi erakundeen arteko lankidetzak eta harremanak sakontzen jarraitu dute, bisitak, bilerak eta lan-topaketa sektorialak eginaz hainbat gairi buruz, adibidez, teknologia kuantikoak, ekonomia zirkularra, digitalizazioa, startupak, hezkuntza eta lanbide heziketa eta zibersegurtasuna.
Harreman estu horren esparruan, Finlandiako Enbaxadoreak bisita ofizial bat egin zuen Euskadira 2022ko urrian, Lehendakariarekin bilera bat egiteko eta, besteak beste, lehen eskutik ezagutzeko Basque Cybersecurity Center eta Euskadik Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitalaren arloetan duen potentziala.
Bi ordezkaritzek gaur Madrilen egin duten bileraren helburua da Eusko Jaurlaritzak duela hainbat urte hasitako ahaleginei bultzada eta jarraipena ematea, Euskadiren eta Finlandiaren arteko lankidetzan sakontzeko.