Lehendakariak Txorierri Institutuko instalazio berriak bisitatu ditu Derion

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Txorierri Bigarren Hezkuntzako Institutuaren instalazio berriak bisitatu dituzte gaur goizean, Derion. Bisitan parte hartu dute, halaber, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, Iñaki Orbe Hezkuntzako lurralde-ordezkariak eta Esther Apraiz Derioko alkateak.

Hezkuntza Sailak Txorierri BHIn egin duen jarduketak 8.461.109,56 euroko inbertsioa izan du (BEZa barne). Jarduketa horretan, DBHrako gimnasiodun eraikin berria eraiki da, lehendik dagoen eraikina (edo eraikin nagusia) berritu da, bi eraikinen arteko lotura-pasabidea eraiki da eta kanpoko eskola-barrutia urbanizatu da.

Lehendakariak nabarmendu du kalitatezko azpiegiturek harreman zuzena dutela kalitatezko hezkuntzarekin, “horregatik gaurkoa urrats sendo bat da”, irakasle zein ikasleek instalazio eroso eta eguneratuetan lan egiteko, irakasteko eta ikasteko aukera izango dutelako hemendik aurrera.

Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak gidaturik, Lehendakariak eta sailburuak institutuko instalazio hainbat txoko bisitatu dituzte, besteak beste gimnasio berrian edo DBHko ikasgela batzuetan geldialdiak eginez. Era berean, Zereginen Ikaskuntzarako Gelara ere hurbildu dira. Hezkuntza-premia bereziak dituzten eta Irakaskuntza Ertainetako eskolatze arruntean sartzeko baldintzak betetzen ez dituzten 16 eta 20 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago gela hau. Hezkuntza-baliabide honen helburua aipatutako ikasleak bizitzarako eta lan mundura sartzeko gaitu eta prestatzea da. Lanerako prestakuntza, autonomia pertsonala, inguruarekiko integrazioa eta ikasleen hezkuntza garapena lantzen dira bertan.

2022-2023 ikasturtean, DBHko eta Batxilergoko 780 ikaslek ikasten dute orotara Txorierri BHIko ikasgeletan (12 eta 18 urte bitarteko ikasleak). 96 irakasle arduratzen dira ikasle horien heziketaz. Gainera, Txorierri BHIk talde bat ere badu Zereginen Ikaskuntzarako Gelan.

Bere hitzaldian, Urkullu Lehendakariak azpimarratu nahi izan du hezkuntza herri erronka bat dela eta beharrezkoa dela gizarte osoaren konpromisoa eta inplikazioa arlo honetan. Konpromiso horren erakusgarri, azken hilabeteetan Hekuntza Hitzarmenaren inguruan azaldutako borondatea aipatu du. “Oraindik ere lana dugun arren, azpimarratu dezagun honaino ekarri gaituen bidea: “hezkuntza hitzarmena” dugu eta hori betetzeko asmoa, nahia eta gogoa ere badugu. Jarrai dezagun ikasleen formakuntzaren alde lan egiten, beraien eta gure gizarte osoaren mesedetan”, adierazi du.

DBHrako eraikin berria, gimnasio eta guzti

Hezkuntza Sailak Txorierri BHIn burutu duen jarduketa nagusia DBHrako eraikin berria egitea izan da. DBH 1, 2 eta 3. mailetako ikasleen gelak kokatu dira bertan. Eraikinak 4.225 metro karratuko azalera eraikia du, hiru solairutan banatuta (beheko solairua + 2 goi-solairu).

Eraikin berri hau eraikin nagusiaren hegoaldean egin dira, harekiko elkarzut, ekialde-mendebalde orientazioarekin.Eraikin berriak libre uzten du, eraikin nagusiaren fatxada, honi bistak eta eguzki-argia kendu gabe. Pasabide batek bi eraikinen lehen solairuak lotzen ditu.

Eraikin berriari erantsita, baina bolumen bereizian, gimnasio berria egin da, dagozkion aldagela eta dutxekin.Bolumen berri horrek erdi-sotoko solairu batean du oinarria, kanpoko kirol pisten maila berean. Kanpoan, ekialdera begira, aterpea egin zaio, ibilgailuen eta autobusen parkinetik sarbide gisa. Gimnasio berria eraiki arren, institutuak partzelaren beste muturrean lehendik zuen pista estaliak bertan jarraitzen du. Gimnasioaren eta pista estaliaren artean, kirol anitzeko kanpoko bi pista daude.

Eraikin berrian instalazio hauek nabarmentzen dira:

    • DBH 1, 2 eta 3 mailetarako 21 ikasgela.
    • 4 banaketa-gela
    • Curriculum anitzeko gela
    • Pedagogia terapeutikoko gela
    • Teknologiako 2 lantegi-ikasgela
    • Musika, dramatizazio eta ikus-entzunezko gela
    • Zientzia laborategia
    • Plastika-gela
    • Liburutegia
    • Gimnasioa eta aldagelak, 600 m²
    • Karrerape estalia, 296 m²

Azalera eraikia, guztira: 4.225 m²

Eraikin nagusia berritzea

“U” forma duen eraikin nagusian egin den jarduketarik garrantzitsuena izan da beheko solairuan zuzeneko pasabide bat irekitzea, iparraldeko patioa (U-aren barruan geratzen den espazioa) lotzen duena eraikinaren hegoaldean geratzen den patioarekin edo kirol-pisten eremuarekin, horretarako eraikinaren barrura sartu beharrik gabe edo eraikina inguratu beharrik gabe.

Gainera, eraikin horren hegaletako bat, hau da, U-aren adarretako bat luzatu da (ekialdeko hegala), mendebaldeko hegalaren luzerarekin pareka dadin. Erantsitako espazio horrek irakaskuntza-erabilerako ikasgela osagarri berriak hartzen ditu. Halaber, eraikinaren barruko espazio batzuk birbanatu eta berrantolatu dira, eta komunak eguneratu eta egokitu dira, irisgarritasun-irizpideak aplikatuta.

Kanpoaldean, eskola-esparruaren hegoaldeko muturrean, autoentzako eta autobusentzako aparkaleku bat gaitu da. Horrela, ikasleek eskola-esparruaren barruan egin dezakete autobusetako sartu-irtena, askoz ere modu seguruagoan.Partzelaren iparraldeko eta hegoaldeko muturren artean dagoen kota-aldea (desnibela) gainditze aldera, arrapalak eta eskailerak eraiki dira, altuera desberdinak lotzeko.

DBHrako eraikin berria jasotzeko lanak 2022ko Aste Santurako amaitu ziren; hartara, ikasleak oporraldien ondoren hasi ziren instalazio berri horiek erabiltzen, eraikin nagusian berritze lanak egiteko espazioak libre utziz. Jarduketa guztiak amaitutakoan, Txorierri BHI ikastetxeko eskola-komunitateak 2022-2023 ikasturtearen hasieran ekin dio espazio guztiak (berriak zein berrituak) erabiltzeari.

Lanak amaitu ondoren, DBH 1etik 3ra bitarteko ikasleak eraikin berrian kokatu dira, eta DBH 4koak eta Batxilergokoak eraikin nagusian.