Eusko Jaurlaritzak, HAZIrekin batera, seigarren aldiz antolatu du euskal enpresen partaidetza bateratua Lyongo SIRHA azokan; ostalaritzaren munduan erreferentea den azoka da, eta hainbat sektoretako profesionalentzat dago erreserbatuta: nekazaritzako elikagaiak eta edariak, gozogintza eta okintza, gozokiak, ostalaritzako materialak eta ekipoak, teknologiak eta zerbitzuak.
Edizio honek 108 m2 baino gehiagoko espazioa du Euskadik, Nazioarteko pabiloian, eta bertan daude parte hartzen duten 7 enpresak:
– Senen sukaldea kroketekin eta landare-xaflekin.
– Yurrita Gastronomika, itsasoko kontserbekin.
– Ortiz kontserbak arrain-kontserbekin.
– Rafa Gorrotxategik almendra teilak, zigarroak, gorrotxak, turroiak, txokolateak, trufak, bonboiak eta kakaoak ditu.
– Salanort: olagarroa, sepia, antxoa, bokarta eta hegaluzea.
– Salica arrain-kontserbekin.
– Chips Sarriegui patata frijituekin.
Aipatutako markez gain, Euskadiko enpresa gehiagok parte hartuko dute azokako beste gune batzuetan: Salva, Fagor industrial, Sammic, Cookplay, Lakor, Industrias Betik eta Txogitxu.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, HAZI Fundazioaren bitartez, nekazaritzako elikagaien euskal enpresei eskaintzen dien azoken egutegiaren lehen hitzordua da, modu bateratuan parte har dezaten, euskal elikagaiek azken urteetan sustapen-ekintzak egin diren merkatuetan duten presentzia indartzeko eta enpresentzako merkatu berrietan nazioartekotzea bultzatzeko. Ez da izango Euskadiko elikagaien industriaren eta nekazaritzako elikagaien eta arrantzako produktuen lehiakortasuna sustatzeko jarduera bakarra, 2023an Euskadik honako azoka hauetan parte hartzea aurreikusten baita: Barcelona Wine Week, Prowein Dusserdolf, Gourmets Madrid, Seafood Barcelona, Fenavin Ciudad Real, Conxemar Vigo eta Anuga Colonia.
SIRHA azoka garrantzitsua da euskal industriarentzat, Frantzia, nekazaritzako elikagaien esportazioetarako lehen merkatua izateaz gain, Europako gainerako herrialdeetara sartzeko ate garrantzitsua delako.
Frantzian kontserbako elikagaien eta prestakinen kontsumoa ekoizpen nazionala baino handiagoa da; horregatik, produktu mota horien inportazioak etengabe hazten dira. Arrain-kontserbak ondo kokatuta daude, eta kontsumo-maila handia dute. Plater prestatuen sektorea, bere kalitate eta prezioagatik, merkatuko gourmet nitxoan kokatzen da, eta gozogintza eta gozokiak, Frantzian eskatzen diren produktuak dira.
21 edizioetan zehar SIRHA gastronomia- eta ostalaritza-sektoreko azoka bakar gisa finkatu da, eta mundu osoko profesionalentzako elikadura-ekitaldi handi bihurtu da. 2023ko edizio honetan 2.000 erakusketari eta marka baino gehiagok hartuko dute parte, eta 150.000 pertsonak parte hartzea espero da.