Estatuko Administrazio Orokorretik jasotzen diren eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barnean dauden kultura-industria errebalorizatzeari dagozkion funtsak foru-aldundiei banatzeko akordioa onartu du gaurko Gobernu Kontseiluak.
Funtsak «Next GenerationEU» programaren Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismotik datos (RRF ingelesez, MRR gaztelaniaz). Programa horren helburua COVID-19aren pandemiak eragindako berehalako kalte ekonomiko eta sozialak konpontzen laguntzea da. Espainiako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak bere konpromisoen artean jasotzen du Kultura Industriaren errebalorizazioa. Osagai horretan aurreikusitako laguntzetako bi honako hauek dira: “Hiriguneak ez diren eremuetan kultura-eskaintza zabaltzeko eta dibersifikatzeko laguntzak” eta “Era guztietako artxibo-sistemak, inbentarioak eta ondare historikoaren erregistroak digitalizatzea, edukiera handitzea eta elkarreragingarritasuna, ikus-entzunezkoa barne”.
Hiri-eremuetatik kanpoko kultura-eskaintza handitzeko eta dibertsifikatzeko laguntzei dagokienez, dokumentu gidariak jasotzen du laguntzak foru-aldundiek kudeatu ahal izango dituztela. Horrela, guztira, 391.139 euro transferituko zaizkie Arabako (108.187 euro), Bizkaiko (174.477 euro) eta Gipuzkoako (108.474 euro) foru-aldundiei.
Bestalde, kultura zerbitzu nagusiak digitalizatzeko eta bultzatzeko laguntzei dagokienez, hiru lurralde historikoetako foru-aldundiek 27.483 euro jasoko dituzte mota guztietako artxibo-sistemen, ondare historikoaren inbentarioen eta erregistroen (ikus-entzunezkoena barne) digitalizaziorako, ahalmena handitzeko eta elkarreragingarritasunerako. 9.161 euro izango dira erakunde bakoitzarentzat.
HAKOBAren urtarrilak 9ko bileran erabaki zen funts horiek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei transferitzea. Eusko Jaurlaritzako, aldundietako eta udaletako kultura-arloko arduradunak biltzen dituen organoa da HAKOBA. Gobernu Kontseiluak onartu ondoren, akordioa foru-aldundiekin sinatuko da.