Euskal erakundeek gaur sinatu dute Lehendakaritzan Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela egindako ekitaldi instituzional batean Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko III. Akordioa. Akordio hau 2001ean sinatu zen lehen aldiz, eta 2009an eguneratu zen eta honen helburua da tratu txarren eta sexu-erasoen biktimen arretan inplikatuta dauden erakundeen arteko koordinazioa, haiei babes osoa bermatzeko osasun, segurtasun, eremu judizialean eta sozialean.
Sinaduran parte hartu dute, Lehendakariaz gain, Eusko Jaurlaritzako ordezkari goren gisa; Ramiro González, Unai Rementeria eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek, hurrenez hurren; Gorka Urtaran EUDELeko presidenteak; Manuel Lezertua Arartekoak; Iñaki Subijana, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak; Carmen Adán Del Río EAEko fiskal nagusiak; Gerardo López Sánchez-Saratxaga Legelarien Euskal Kontseiluko presidenteak; eta Cosme Naveda Euskal Medikuen Kontseiluko presidenteak. Ekitaldian izan dira, halaber, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria.
Hirugarren akordio hau urrats garrantzitsua izango da bere helburu nagusietako batean: biktimen beharrak erdigunean jartzea. Hala, Lehendakariak adierazi duenez, “gure konpromisoa da erakundeek indarkeria matxistaren aurrean ematen duten erantzuna humanizatzen jarraitzea; emakume bakoitzak arreta sistemaren zentroa izan behar du, eta ez alderantziz”. Lehen aldiz duela bi hamarkada baino gehiago sinatutako akordioaren izaera aitzindaria azpimarratu du Urkulluk: «Akordio honi esker, erakundeek indarkeriaren biktima diren emakumeei ematen diegun erantzunaren ikuspegi integral batean aurrera egin da, eta erabakigarria izan zen biktimen arreta eta babesa garrantzi handiko leku batean jartzeko», adierazi du.
Bere hitzetan, III. Akordioa sinatzea “etengabeko hobekuntza-prozesu honetan beste urrats bat da”. Hau egiten da, haren ustez, “berdintasunaren alde eta indarkeriaren aurka gero eta sentsibilizatuago dagoen gizartearen babesarekin eta indarkeriaren aurrean gero eta lege, profesional, zerbitzu eta erantzuteko tresna gehiago izateak dakarren bermearekin”. Ildo horretan, gogorarazi du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legeak euskal botere publikoen lehentasuntzat ezartzen duela indarkeriaren biktimei arreta integrala, errekuperazioa eta erreparazioa ematea.
Urkulluk arreta-zerbitzuen eraginkortasuna eta profesionaltasuna nabarmendu ditu, eta gogorarazi du, hala ere, hobetzen jarraitu behar dela. Estatuan izandako hilketa matxisten gorakada gogorarazi du, Euskadin ere eraildako emakume batekin, eta nabarmendu du “mundu osoko arazo iraunkor baten icebergaren gailurra direla, eta horren sustraia berdintasun eza dela”. Horregatik, azpimarratu du, “berdintasun-politikak bultzatzen jarraitu behar dugu, prebentzioaren aldeko apustua eginez, indarkeria gertatu den kasuetan arreta hobetzearen garrantzia ahaztu gabe”. Urkulluren hitzetan, gure helburua da “emakume biktimen babes eta laguntzarako sistema eta zerbitzu instituzional guztietarako sarbidea erraztea eta hobetzea, eta emakumeek haiengan duten konfiantza areagotzea”.
Bestalde, Beatriz Artolazabalek, hirugarren akordio baten beharra defendatu du “azken hamarkadetan izan diren arau eta gizarte aldaketengatik”. Adierazi duen bezala, “garrantzi handiko lege-aldaketak egin dira : Istanbulgo Hitzarmena, haurrak eta nerabeak babesteko Legea, genero-indarkeriaren aurkako Estatu Ituna, sexu-askatasuna bermatzeko Legea, emakumeen eta gizonen berdintasunerako Legea…, eta, ondorioz, beharrezkoa da akordioaren edukiak eguneratzea eta protokoloak eta koordinaziorako bestelako tresnak berrikustea”. Era berean, esan duenez, “aldaketa sozialak gertatu dira, eta, horien ondorioz, indarkeria-mota batzuek protagonismo handiagoa hartu dute, eta emakumeen aurkako indarkeria matxista mota berriak sortu dira, hala nola, Internet, sare sozial, gailu mugikorren bitartez edo, adibidez, ikusgarritasun handiagoa lortu duten indarkeria mota batzuk, hala nola, taldeko erasoak edo mendekotasun kimikoa deitutakoaren erabilera”.
Besteak beste, hirugarren akordioa aurrerapauso garrantzitsua izango da biktimei arreta integralagoa eta pertsonalizatuagoa emateko eta biktimak birbiktimizatzea saihesteko. Ekarriko dituen aurrerapenen artean, indarkeria matxista mota guztiak aipatzea dago, adibidez, ez bakarrik bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria, familia barrukoa eta sexu-indarkeria; baita emakumeak, haien seme-alabak eta inguruko beste pertsona batzuk biktima gisa aitortzea ere, arlo horretako arau-testuinguru berriarekin bat etorriz. Beste aurrerapen bat kasuen detekzio goiztiarrarekin lotuta dago; izan ere, akordioak eremu eta sistema guztietako erakunde guztien proaktibitatea sustatzen du, eta erakunde sinatzaileen konpromisoak zabaltzen ditu emakume biktimei arreta ematen dieten profesionalen prestakuntzari dagokionez. Akordioak erakundeen arteko koordinazio-lana indartzen du, lurralde historiko bakoitzean koordinazio-talde berriak sortuz eta urtero elkartrukerako eta prestakuntzarako topaketa bat antolatuz, hainbat eremu eta sistematako profesionalentzat. Eta beste hobekuntza bat izango da jarduera koordinatuaren protokoloak, III. Akordio honen bidez, argitasun eta zehaztasun handiagoa eskaintzen duela sistema bakoitzeko operadoreek jarraitu beharreko jarraibideei dagokienez. Edukiak eremu bakoitzeko eragileak eta horien funtzionamendua ezagutzea errazten du.