SPRI Taldeak I+G industrialeko 1.100dik gora proiekturentzako laguntzak kudeatuko ditu aurten

Aurten SPRIk 129 milioi euroko aurrekontu propioa ez ezik, baita ere kudeatuko ditu Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren (zeinaren menpe baitago) beste baliabide batzuk, hala nola I+G industrialeko programa garrantzitsuenen -Hazitek eta Elkartek- zuzkidurak, zeintzuen bidez asmoa baita 1.100dik gora proiektu bultzatzea. Kopuru horren zati handiena —Estrategia Empresarial aldizkariak urte honetarako onartutako aurrekontuak kontuan hartuta argitaratu duenaren arabera– funtsezko lau arlotara bideratuko da: enpresen sustapena, teknologia, berrikuntza eta jasangarritasuna, eraldaketa digitala eta nazioartekotzea.

Hala, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko erakunde honek 105 milioi erabiliko ditu operazio korronteetarako eta kapitaleko operazioetarako transferentzia eta dirulaguntzatan, eta Euskadiko sektore publikoko erakundeak, enpresak, antolakundeak eta baita ere partikularrak (beken bidez) izango dira kopuru horren hartzaileak.

Besteak beste, SPRIk ia 11 milioi euro bideratuko ditu Nazioartekotzeko Euskal Agentziara, eta milioi bat BIC Araba–Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentrora. Bestalde, 14,3 esleituko ditu eraldaketa digitala bultzatzeko, Industria Digitala, Basque Industry 4.0 eta Zibersegurtasun Industriala programen bitartez, eta 3,5 milioi bideratuko ditu Ekintzaile programara eta 1,3 milioi Zabaldu programara. Nazioarteko beken programak 4,6 milioiko aurrekontua izango du, eta Global Training programak bost milioikoa. Horrez gain, 6,5 milioi euro zuzenduko ditu 4.0 Industria programara, eta ia hiru milioi Innobideak Estrategiara.

SPRIk hainbat helburu eta ekintza markatu ditu urte honetarako, eta adierazleen bidez kuantifikatu ditu. Enpresen sustapen arloan, baliabideak zuzenduko dira ekintzailetzara, klusterren dinamizaziora, industriaren garapenera eta Invest in The Basque Country sailera.

Enpresentzako laguntzak

 Asmoa da 80 Ekintzaile eta 60 Barnekintzaile proiektu onartzea, eta 700 startup eskatzaile eta 70 enpresa kolaboratzaile lortzea BIND 4.0 start up!, Basque Industry 4.0 eta Accelerator Program programetan. Horrezaz gain, 10 laguntza eman nahi dira Aurrera abalen bidez, eta beste hainbeste Basque funtsaren bidez. Helburua da halaber Gauzatu Industria programaren bitartez 50 enpresarentzako laguntzak banatzea, 75 milioi euroko inbertsio induzitua eragitea eta 500 enplegu sortzea. Era berean, 50 proiektu onartu nahi dira Industria 4.0 programan.

Garapen industrialari dagokionez, SPRIk ahalegina egingo du 20 proiektu onartzeko finantzaketa-prozesuetan aholkularitza eta laguntza ematen duen Lortu programaren esparruan. Bestalde, sozietateak laguntza emango die 16 klusterri –zeintzuek 3,57 milioi euroko dirulaguntza jasoko baitute- bostehun bat ekintza garatzeko.

Eta, Invest in The Basque Country ekimenari dagokionez, asmoa da atzerriko  zuzeneko inbertsioko 80 proiektu kudeatzea, 16 ekimen zehaztea, 50 milioi euroko inbertsio bolumena lortzea eta 500 lanpostu sortu edo mantentzea.

Teknologia, berrikuntza eta jasangarritasun arloan aipatzekoak dira I+G industriala bultzatzeko bi programa garrantzitsuenen -Hazitek eta Elkartek- helburuak. Iaz 137 milioi euroko zuzkidura izan zuten bien artean.

Hazitek programaren esparruan, 775 enpresaren 750 proiektu lagundu nahi dira produktuak, prozesuak edo zerbitzuak garatzeko. Gainera, helburua da lankidetzan garatutako 267 lehiakortasun-proiektu babestea eta beste 550 martxan jartzea ZTBESeko agenteen parte-hartzearekin.

Era berean, ahalegina egingo da laguntza emateko oinarri teknologikoko enpresak (NEBT) abiarazteko 15 proiekturi eta hogei bat enpresari. Bestalde, laguntza eman nahi zaie lankidetzan garatutako 35 proiektu estrategikori, eta bakarkako beste biri. Guztira, 180 enpresa babestu nahi dira euren proiektu estrategikoak aurrera atera ditzaten, eta 280 milioi euroko inbertsio induzitua eragin nahi da enpresako I+G arloan. Elkartek programari dagokionez, helburua da arlo estrategikoetako 35 proiektu kolaboratibo lortzea eta beste 20 potentzial industrial handia dutenak; interes bereziko zortzi ekintza laguntzea eta 70 agenteren lana babestea. Orobat aipatzekoa da I+G-ren nazioartekotzea bultzatzeko kudeaketa-lana -zeinaren helburuak baitira bi partzuergotan parte hartzea-, ZTBESeko 62 agenteren partaidetza nazioarteko proiektuetan eta 65 euskal enpresaren kolaborazioa EBren esparru programako proiektu europarretan.

Berrikuntza

 Aurreko guztiaz gain, garrantzitsuak dira orobat berrikuntzarako laguntzak. Esaterako, Innobideak eta Hazinnova programen bidez ematen direnak. Innobideak programaren xedea da 40 proiektu onartzea produktu edo zerbitzuak berritzeko eta beste 150 prozesuak berritzeko; horietatik 5 Horizonte Europa programaren deialdietan parte hartzeko prestatzera bideratuta egongo dira. Hazinnova programak, zeinaren xedea baita enpresa txikietan berrikuntza bultzatzea hurbileko agenteen laguntzarekin, helburutzat du 500 proiektu onartzea.

Eraldaketa digitaleko arloari dagokionez, aipatzekoa da Adimen Artifizial Aplikatuko programan (BAIC barruan) helburua dela 70 enpresa laguntzea eta bultzada bat ematea dokumentuak entregatu eta gordetzeko Metaposta postontzi digitalari, zeinak 200.000 erabiltzaile berri baititu. Era berean, asmoa da Basque CyberSecurity Centre-k (BCSC) dozena bat proiektu gauzatu edo babestea, bai I+G+B-koak eta baita ere babes digitala indartzekoak.

Azkenik, nazioartekotzeari dagokionez, aipatzekoak dira proiektuak abiarazteko ekintzak. Esaterako, esportatzeko potentziala duten ETEei laguntzeko oinarrizko Zabaldu  programarenak (200 konpainiarentzat), erregularki esportatzen duten ETEei laguntzeko Sakondu programa aurreratuarenak (90) eta merkataritza, produkzio nahiz zerbitzuetako atzerriko ezarpenei laguntzeko Gauzatu IE programarenak (zortzi enpresa). Era berean, nazioartekotzean espezializatzeko BEINT beka programak 100 pertsona lagunduko ditu, eta Global Training mugikortasun bekak, berriz, 400.