Euskadiko 2021-2027 FEDER Programa, Europako Batzordearen zerbitzuek onartutako Estatuko lehen hiruetako bat izan da, Errioxak eta Melillak aurkeztutakoekin batera. Programa berriaren helburuen artean eraldaketa teknologiko-digitala eta energetiko-klimatikoa daude, eta Euskadin 414 milioi euroko inbertsioak egiteko aukera emango du. Europar Batasunak %40an finantzatuko ditu. Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek egingo dituzte inbertsio horiek, aurreko aldiko (2014-2020) programarekin alderatuta 56 milioi gehiago inbertituz EAEko 2021-2027 FEDER Programan.
Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) 165,68 milioi euroko laguntza esleitu dio programari. Europako araudiek onartzen dituzten bost Helburu Politikoetatik (HP) bitan bildu dira. Laguntzaren ia erdia “Europa lehiakorragoa eta adimendunagoa” izeneko HP1an programatu da, Euskal Autonomia Erkidegoko eraldaketa teknologiko-digitalari aurre egiteko helburuarekin, Espezializazio Adimenduneko Euskadi 2030 RIS 3 Estrategiaren (Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana) ildotik. Hala, aurreikusitako ekintzak enpresa-sektorean I+G+b proiektuak sustatzera eta Administrazio Publikoaren digitalizazioa bultzatzera daude bideratuta.
Gainerako FEDER laguntza “Europa berdeagoa” HP2an programatu da, Euskadiko eraldaketa energetiko-klimatikoari aurre egiteko, Basque Green Deal ekimenaren eta Europako Itun Berdearen ildotik. Horregatik, Helburu Politiko honetako jarduketen helburuak eraikin publikoetan energia-eraginkortasuna hobetzera eta energia berriztagarriak erabiltzera; uholdeen aurrean babestera eta suteak prebenitzera; ur-hornidura hobetzera; biodibertsitatea eta ekosistemak babestera eta lehengoratzera, eta hiri-garraio sistema inklusiboagoak, jasangarriagoak eta eraginkorragoak bultzatzera egongo dira bideratuta.
FEDERek 2021 eta 2027 bitartean Euskadin kofinantzatu beharreko jarduketak, Programaren estrategia eta Helburu Politikoak Euskadiren aurrerapenerako definitzen dituzten Plan Estrategikoetan oinarrituta diseinatu dira. Plan horiek “2021-2027 aldirako Kohesio Funtsak Kudeatzeko Euskal Esparru Estrategikoa” dokumentuan laburbiltzen dira, Espainiaren eta Europako Batzordearen arteko 2021-2027 Elkartze Akordioarekin bat etorriz.
Programak zenbatetsitako % 43ko ekarpena egiten die Europar Batasuneko helburuei, % 45ekoa ingurumenari, % 15ekoa biodibertsitateari eta % 40koa berdintasunari, inklusioari eta diskriminaziorik ezari.