Programa horren bidez, udal etxebizitzak eskaintzen dira, alokairu partekatuan, prezio sinboliko baten truke: 55 euro hilean, pertsonako (argindarraren eta uraren gastuak kanpo); etxebizitza horiek sukalde hornitua eta altzariak izaten dituzte. Trukean, ikasleek proiektu komunitarioetan eta kolektibo zaurgarriei laguntza emateko ekimenetan parte hartu behar dute etxebizitza horiek dauden auzoetan, hau da, Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean.
Gorka Moreno Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreordearen hitzetan, “UPV/EHUrako etxebizitza solidarioen programa aukera bat da ikasleek boluntariotza egiteko eta beren ingurune komunitarioaren ongizatean parte hartzeko”.
Programaren edizio berri honen aurkezpen-ekitaldia Otxarkoaga auzoan izan da, eta han izan dira Jon Bilbao, Etxebizitza Saileko zinegotzia eta Udal Etxebizitzak udal entitateko presidentea, Gorka Moreno, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, Nekane Garatea Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako Bulegoko ostatatze eta harrera saileko arduraduna eta Aitzol Garmendia, Mondragon Unibertsitatea eta unibertsitate horrek Bilbon duen LEINN gradua ordezkatuz.
Edizio honen xehetasunak agertu ostean, bisita bat egin da programan sartuta dauden etxebizitzak ikusteko, Otxarkoagako auzoan, han bizi den UPV/EHUko ikaslea den Mar Puigekin batera, zeina gizarte lankidetzan ari baita AMUGE elkartean (Emakume ijitoak ahalduntzeko eta sustatzeko kulturarteko elkartea), zeina auzo horretan bertan baitago.
“Esperientzia honek etxebizitza duina izatearen zortea baloratzen eta eskertzen lagundu dit. Oso garrantzitsua iruditzen zait gazte gisa independizatzeko eta gure espazioa izateko aukera hau izatea eta maila ekonomikoan irisgarria izatea”, adierazi du Mar Puigek, UPV/EHUko Garapena eta Nazioarteko Lankidetza Masterreko ikasleak.
Oraingo honetan, 15 elkartek parte hartzen dute programan:
BILBO ZAHARRA | OTXARKOAGA |
---|---|
Aldauri | Amuge |
Bakuva | Bizitegi |
Bilbao Historiko | Cáritas |
Claret Fundazioa | CEIP Artatse |
Crea África | Gugaz Aurrera* |
Gugaz Aurrera* | IES Txurdinaga |
Itaka | Tendel |
Sartu | |
Tximeleta |
*Gugaz Aurrera Bilbo Zaharrean eta Otxarkoagan parte hartzen du
Programa abian jarri zenetik, 450 gazte baino gehiagok (batez beste 26 urte dutenak) parte hartu dute Gazte Solidarioak programan, zeina Udal Etxebizitzak udal entitateak sustatzen baitu. Aldi honetan, 2022/23 unibertsitate-ikasturterako etxebizitza bat alokairu partekatuan eskuratu duten XX gazteen artean, % 54,8a emakumeak dira, eta % 45,2a gizonak.