Euskal enpresek (ETEek, enpresa handiek zein startupek) eta arrantza zein nekazaritza sektoreek zuzenean ezagutu ahal izango dituzte Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2023rako diseinatu dituen laguntza-programen edukiak, helburuak, aurrekontuak eta ezagutu beharreko gainerako alderdi guztiak. Ia 70 programa dira eta 600 milioi euro inguruko aurrekontua dute.
ETEentzako 2023rako laguntzak hiru bloke nagusitan aurkeztuko dira onlineko hiru jardunalditan (otsailak 24, 27 eta 28), eta Arantxa Tapia sailburuak emango die hasiera aurkezpen jardunaldi horiei. Saileko sailburuorde eta zuzendariek eta, hala badagokio, Sailaren menpeko sozietateen zuzendariek emango dituzte laguntzei buruzko azalpenak.
Dagoeneko zabalik dago onlineko jardunaldietan izena emateko epea, eta izena ematen dutenek esteka bat jasoko dute ekitaldian parte hartzeko ekitaldia baino egun batzuk lehenago.
Tapiak eta SPRI Taldeko zuzendari nagusi Aitor Urzelaik azpimarratu duten bezala, “aurrekontuak dira gure enpresei laguntzeko tresna garrantzitsuena, eta argi daukagu aurrekontuen zati bat enpresa txiki eta ertainei, ETEei eta mikroenpresei bideratu behar zaiela. Zentzu horretan, pentsatuta daukagu horrelako enpresentzako laguntza-plan espezifiko bat sortzea. Ziur gaude lagungarri izango dela euskal enpresen hazkundea eta lehiakortasuna bultzatzeko I+G+B-n, eraldaketa digitalean, inbertsio industrialean, nazioartekotzean eta trantsizio energetikoan”.
Hala, otsailaren 24an, goizeko 10:00etan, Arantxa Tapia sailburuak labur-labur azalduko ditu hiru jardunaldi hauen helburuak, eta hasiera emango dio lehenengoari, zeinetan aurkeztuko baitira I+G+B, Teknologia, Ekintzailetza eta Eraldaketa Digitalerako laguntzak. Programa horien helburuak dira I+G-ko jardueraren kobergentzia lortzea Europako batez bestekoarekin –bai inbertsioan eta baita ere emaitzetan- eta Euskadi Europako berrikuntza polo bilakatzea. Era berean, asmoa da % 10 handitzea enpresa teknologikoen sorrera eta Euskadi tokiko industriarekin lankidetzan diharduten nazioarteko startupen ekosistema eragile bihurtzea.
Tapiaz gain, laguntzak aurkeztuko dituzte orobat Estibaliz Hernáezek, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordeak, Alberto Fernándezek, Teknologia eta Estrategiako zuzendariak eta Leyre Madariagak, Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendariak.
Otsailaren 27an (astelehena) goizeko 10:00etan Industria-garapenerako, Nazioartekotzerako, Efizientzia Energetikorako eta Energia Berriztagarrietarako laguntzen txanda izango da. Gai horiei buruzko azalpen xehea emango da eta, kasu honetan, hauek dira laguntzen helburu nagusiak: industria eta zerbitzu aurreratuak BPGaren % 40ra iristea, enpresen nazioartekotzea bultzatzea, energia berriztagarrien kuota amaierako kontsumoaren % 20 izatea, berotegi-efektuko gasen emisioa % 30 murriztea, hondakinen sorrera gutxitu eta euren balorizazioa eta berrerabilpena areagotzea, eta ingurumen-estrategia inplementatzea politika transbertsal gisa.
Egun horretan hauek izango dira programak aurkeztuko dituzten hizlariak: Mikel Amundarain, Industria eta Energia sailburuordea; Amaia Barredo, Ingurumen sailburuordea; Ainhoa Ondarzabal, Basque Trade & Investment agentziako zuzendaria; eta Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusia.
Azkenik, otsailaren 28an (asteartea), Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako Industria sailburuordeak aurkeztuko ditu lehen sektorerako, elikaduraren industriarako, produktuaren sustapenerako, I+G-rako eta bioekonomiarako laguntzak.