Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak Energia Erkidegoen Europako II. Kongresuaren irekiera ekitaldian parte hartu du gaur goizean. Irekiera ekitaldian, Joan Groizard IDAEko zuzendari nagusiak ere parte hartu du, bertan Irujok nabarmendu duenez “Nafarroako udalerrien laurdenak badute komunitate energetiko bat edo hori eratzeko prozesuan daude”.
“Komunitate energetikoak etengabe ari dira garatzen, eta Nafarroako Gobernutik gure eskura ditugun erreminta guztiak aplikatzen ari gara horiek bultzatzeko”, baieztatu du kontseilariak. Zehazki, Irujok zehaztu du bultzada hori 3 ardatzetatik ematen dela. “Alde batetik, Komunitate Energetikoak sustatzeko Foru Agindua dugu, araudi aitzindaria Estatuan. Bestetik, Next Generation funtsetatik eratorritako laguntzak daude, eta horiei Nafarroako kenkari fiskalak gehitu behar zaizkie. Eta, azkenik, udalerri, herritar eta enpresa guztien eskura dugu komunitate energetikoak bultzatzeko bulegoa”, azaldu du Irujok.
Figura berri honen gorakadarekin batera, autokontsumoaren gorakada daukagu Nafarroan. “2020an 31MW instalatuta izatetik, egun 94 MW izatera iritsi gara; alegia, %200 gehitu da soilik bi urteetan”, esan du kontseilariak, eta honela erantsi du: “Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuak (PNIEC) 2030erako markatutako 54 MW-en oso gainetik gaude”.
Kongresuaren irekieran, Joan Groizardek, Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuko (IDEA) zuzendari nagusiak, ere parte hartu du, eta trantsizio energetikoan autonomia-erkidegoek eta herriek duten garrantzia azpimarratu du. “Eredu energetiko baterako aldaketa lurraldetik sortu behar da”, ziurtatu du.
Komunitate energetikoen esparruaren barruan, Groizardek honako hauek nabarmendu ditu: “Next Generation funtsetatik datorren 100 milioi euroko zenbatekoa, IDAE mobilizatzen ari dena komunitate energetikoak bultzatzeko, erreferentzia izan daitezkeen bandera-proiektuak izateko helburuarekin”. “Dagoeneko onartu ditugu 74 proiektu deialdi honen barruan, eta 4 Nafarroakoak dira”, baieztatu du.
Azkenik, IDAEko zuzendari nagusiak Eraldaketa Komunitarioko Bulegoak sortzeko deialdiaren balantzea egin nahi izan du. Eskaerak aurkezteko prozesua atzo amaitu zen. “200 ekimen baino gehiago jaso ditugu, jarrita genuen aurrekontuaren ia bikoitza”, ziurtatu du.
Kongresua
Gaur, asteartea, eta bihar, asteazkena, Energia Komunitateen Europako Kongresuaren bigarren edizioa egingo da Baluarteko Auditorioan, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak antolatuta. Edizio horretara 300 pertsona baino gehiago joango dira eredu energetiko berri horri buruz eztabaidatzeko eta arrakasta-kasuak ezagutzeko.
Lehen egun honetako saioak honako hauetan oinarritu dira: komunitate energetikoen erregulazioaren erronkari aurre egitea, horiek garatzearen aldeko esparruak nolakoa izan behar duen ezagutzea eta eredu horrek industriari zer-nolako aukerak eskaintzen dizkion jakitea.
Bestalde, biharko saioetan, aztergai izango dituzte gizarte-berrikuntza komunitate energetikoen barruan, finantzaketa publiko-pribatuko ereduak eta Estatuko eta Europako puntu ezberdinetako arrakasta-kasuak.