Sherpa.ai-k datuen pribatutasunari aplikatutako Adimen Artifizialeko plataforma bat iragarri du

SPRI Taldeko Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa erakundeak partaidetutako Sherpa.ai enpresak gaur jakinarazi du merkatura aterako duela Adimen Artifizial aplikatuko plataforma berri bat, Ikaskuntza Federatuko paradigman oinarritua, zeinak aukera emango baitu Adimen Artifizialeko ereduak entrenatzeko datu pribatuak partekatu gabe. Horrek aurrerapen handiak dakartza hainbat sektoretan, esaterako osasungintzan, finantzetan edo segurtasunean.

Plataforma berri honi esker, enpresa eta erakundeek euren datuen eta Adimen Artifizialaren potentzial osoa aprobetxatu ahal izango dute, eta erakunde arteko lankidetzarako eszenatoki berriak esploratuko dituzte, zeintzuk lagungarri izango baitira orain arte konponbiderik izan ez duten arazoak konpontzeko, esaterako: gaur egun sendabiderik ez duten gaixotasunentzako sendabideak, baliabide mugatuen optimizazioa, iruzurrak detektatzea, energia eraginkortasuna eta karbono-aztarna murriztea. Eta hori guztia lortu ahal izango da pertsonen datuen pribatutasuna urratu gabe.

Sherpa.ai enpresaren teknologia guztia pribatutasun, segurtasun eta datuaren etika printzipioetan oinarritzen da. Plataformak aukera ematen du eredu eta algoritmoen zehaztasuna hobetzeko modu pribatu eta etikoan, datuak ez direlako partekatzen.

“Keynote” aurkezpen honetan parte hartu dute Sherpa.ai enpresako lantaldeko kideek eta baita ere pertsona ezagunek eta bezeroek. Horietako batzuk dira: Xabi Uribe-Etxebarria, Sherpa.ai enpresaren zuzendari nagusi eta sortzailea; Tom Gruber, Chief AI Strategy Officer (Sherpa.ai) eta Siri aplikazioaren CTO ohia eta sortzailea; Thomas Kalil, Etxe Zuriko Zientzia eta Teknologia Politikaren zuzendari ohia, berriki lantaldean sartu dena Advisor (aholkulari) gisa; Carsten Bönnemann, Estatu Batuetako Osasun Sailekoa (NIH); edo Ritu Jyoti, IDC taldeko Adimen Artifizialeko Sailaren presidenteordea.