UPV/EHUk antolatutako azoka orientagarriez gain, Campusak gida txiki bat diseinatu du Berritzegune Nagusiko Rosa Ortegaren laguntzarekin, etorkizuneko ikasleei zer gradu aukeratzerakoan laguntza emateko.
1. Ezagutu zeure burua
Norberak bere indarguneak eta ahulguneak zein diren jakin behar du. «Lehenik eta behin, norberak bere buruaren inguruan hausnartu behar du. Geure buruari galdetu behar diogu zer gustatzen zaigun, zertan garen onak eta zenbateraino ahalegindu nahi dugun». Batzuetan, baina, gerta dakiguke ogibide bat gustuko izatea baina benetan beste zerbaitetan izatea onak. Garrantzitsua da geure buruari behatzea, baina kasu egin behar diegu ondo ezagutzen gaituztenei ere.
2. Informa zaitez
Ahal den informazio gehiena eskuratu behar da, gai zerrendak eta irakasgaiak aztertu, ustekaberik gerta ez dadin. Horretarako, unibertsitate azoketara jo daiteke, eta gure gustuko gradua egiten ari diren ikasleekin edota gradu hori egin eta lanean dabiltzanekin hitz egin dezakegu. «Unibertsitateen webgunetik kanpo informazioa bilatzea estrategia ona da. Zenbat eta informazio gehiago eta askotarikoagoa, hobe».
3. Laguntza tresnak
Interneten, lan orientazioaren inguruko test eta autoebaluazio galdetegi gero eta gehiago daude. Erreferentziatzat har ditzakegu, bai, baina ez digute hautua baldintzatu behar. «Lan interesei buruzko galdetegiak lagungarri izan daitezke nork bere buruaz kontu berriak deskubritzeko edo aurrez aintzat hartu ez ditugun ikasketak aurkitzeko».
4. Zeuk hartu erabakiak
Gurasoek informazioa biltzen lagundu behar dute, baina ez dute erabakia baldintzatu behar. Lagunek, irakasleek eta orientatzaileek ere eragin handia izaten dute, baina erabakia zuk zeuk hartu behar duzu. «Familiak, irakasleek eta orientatzaileek prozesuan lagundu behar dute, baina ikasleak izan behar du prozesu horretako protagonista; beraz, ikaslea izango da bere erabakien erantzule».
5. Bokazioa bai, baina burua galdu gabe
Profesional askoren iritziz, behar-beharrezkoa da unibertsitatean hasiko den ikasleak bere bokazioa zein den jakitea, bokazioari leial izatea eta horren arabera egitea hautua, baina ez du ahaztu behar hautu horren alderdi praktikoa. Dena dela, ez da gomendatzen soil-soilik lan irtenbideei edo etorkizuneko lanak eman diezagukeen diruari erreparatzea. «Zaila da lan merkatua hemendik urte batzuetara nola egongo den aurreikustea, arin-arin aldatzen ari da eta: lan berriak sortu eta beste batzuk galtzen dira. Egungo ikasleek, hasierako prestakuntza bukatzean, orain existitzen ez diren lanbideekin topo egingo dute».
6. Zenbat eta gehiago, hobe
Jakin behar dugu zein diren gure gaitasunak, eta gogoan izan behar dugu gure curriculuma aberastu egin daitekeela beste alternatiba batzuekin: titulazio bikoitzekin, hizkuntzekin, atzerriko ikasketekin… Eskaintza zabala dago. «Ez da ikasketak bukatu arte itxaron behar curriculuma puzteko: teknologia berriei eta komunikazioari buruzko ikastaroak egin, hizkuntzak ikasi, boluntario jardun, praktikak egin… Informazio osagarri guztia da garrantzitsua».
7. Ikasketa orokorrak
Ez utzi albo batera karrera orokor batekin hasteko aukera; unibertsitatean hasi ondoren deskubri dezakezu benetan zer izan nahi duzun. «Unibertsitate ikasketen eskaintza oso zabala da. Zalantzan daudenentzat, aukera ona izan daiteke ikasketa orokorrak hautatzea eta ingurua hobeto ezagutzean egitea espezializazioa». Ikasketek, gaur egun, ez dute hainbeste baldintzatzen gure irtenbide profesionala.
Ez ahaztu Ikasleentzako Argibide Zerbitzuaren laguntza ere duzula.