Hungariako kaldereroen konpartsa tradizionalak Donostiako Alde Zaharra hartuko du datorren larunbatean, otsailak 4. Hala, gaueko 21:30etik aurrera, 19 tribuetako 410 partaide inguru kalez kale arituko dira, zartagi hotsak zabalduz. Besteak beste, Raimundo Sarrieguiren doinuak eta Victoriano Iraolaren «Begi urdin bat» interpretatuko dituzte. Parte hartuko duten pertsonen %60a emakumezkoa da. Tribuekin batera, zaldiak, haur taldeak, gurdia eta ingudea, Gauerdi txaranga eta Erreginaren eta bere damatxoen kalesa aterako dira.
Ohi bezala, gaueko 22:00etatik aurrera, konpartsak Konstituzio plazan ezarriko du kanpamentu nagusia. Ordu horretan, Beñat Gaztelumendik, erreginaren paperan, hitzaldi berezi baten bidez agurtuko ditu herritarrak. Donostiarrek Kaldereroen errepertorioa abestuz erantzungo diote. Añorgako bertsolariarekin batera Nerea Elustondo eta Asier Ibarguren egongo dira, erreginaren damatxoak interpretatuz.
Alde Zaharreko konpartsa tradizionalaz gain, Txomin Enea, Amara Berri, Egia, Herrera, Gros eta Amara Zaharra-Erdialdea auzoek beren desfile propioak izango dituzte.
1884 urtetik
Hungariar Kaldereroen lehen konpartsak 1884 urteko otsailaren 2an, Kandelariaren jaiegunean, desfilatu zuen. «La Unión Artesana» eta «La Fraternal» herri-elkarteek antolatu zuten Inauterietako festen barruan.
Inude eta Artzainak
Igandean, otsailak 5, Kresala elkarteko «Inude eta Artzainak» konpartsak desfilatuko du, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Alde Zaharreko kaleetatik zehar. Guztira, 200 partaide inguruk osatzen dute konpartsa hau (100 emakume eta 100 gizon), eta The Joselontxos´s txaranga izango dute bidalegun.
Segizioa inude eta artzainen 30 bikotek, 60 danborrarik eta garaiko pertsonaiek osatuko dute, hala nola alkatea eta bere emaztea, idazkaria, gotzaina, apaiza, eliztarrak, mikeleteak, ontzi-garbitzailea edo garbitzailea, besteak beste.
Ohikoa denez, goizean zehar bi konpartsa gehiagok desfilatuko dute Gros eta Amara auzoetan zehar. Antiguako Inude eta Artzainak otsailaren 18an aterako dira kalera, goizeko 11:30etik aurrera.