Barakaldoko 1.000 eskola-umek hartu dute parte Gizarte Kohesio Arloaren bullyingaren aurkako saioetan

Gaur aurkeztu dute bigarren alkateorde Carlos Fernándezek eta Gizarte Koheesiko Arloko zinegotzi Nuria Rodríguezek horrelako kasuei aurre egiteko Barakaldon garatzen ari den bullying edo eskola-jazarpenaren aurkako programaren bigarren edizioa.

Hiriko 10 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. ikasmailetako (8 eta 11 urte bitartekoak) mila bat neska-mutil ari dira parte hartzen ekimenean. Bagatza, Gurutzeta, Ibaibe, Juan Ramón Jiménez, Larrea, Mukusuluba, Munoa, Pauldarrak, Salesiarrak, Gurutzeta eta El Pilar. Litekeena da aurki beste ikastetxe batzuk atxikitzea programari.

Eskola jazarpenaren aurkako saio elkarreragileetan datza programa. Eskola orduetan dira saioak, eta 45 minutu irauten dute. Bi tokitan egiten dira jarduerak, eta batera nahiz bestera joaten dira ikasleak, hurbilen zein duten: Lasesarreko kiroldegiko ekitaldi aretora eta Gurutzetako Zentro Zibikora.
Carlos Fernándezek gogorarazi du «bullyinga gizarte-arazo larri bat dela», eskola eta institutuetan adingabe askok jasaten dutena.  Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren datuen arabera, azken ikasturtean % 22 hazi ziren eskola-jazarpen kasuak.  Zehazki, 157 bullying kasu antzeman ziren euskal ikastetxeetan.

«Eskola jazarpenak ondorio kaltegarriak dauzka hala osasun fisikoan nola ongizate emozionalean, bereziki, indarkeriak luzaroan irauten badu, edo jazarpena larria izan bada. Eta, gainera, errendimendu akademikoari bezala ikastetxeko giroari ere eragiten dio. Horregatik zaigu horren beharrezko gizarte-arloaren bitartez prebentzioa taxutzea eta hezkuntza-erkidegoan lana egitea, hor gertatzen baitira bullying kasuak. Horrek ez du esan nahi, ordea, beste talde-esparruetan horrelakorik gertatzen ez denik, hla nola, kirol taldeetan edo lagun taldeetan», seinalatu du Fernándezek.

Gizarte Kohesio Arloak gizarte-hezkuntza arloan jardutea dauka bere eskudantzien artean. Haurrak, Gazteak eta Familia atalaren bidez, udal-sail honek eskolekin lankidetzan jarduten du haurren babesaren arloan. «Ikastetxeekin etengabe gaude harremanetan, eta harreman horretatik haur-jazarpenaren aurkako programa hau abian jartzeko beharra ikusi genuen. Programa hori 2021. urtearen amaieran estreinatu genuen, pandemiagatik atzeratu ondoren», adierazi du Nuria Rodríguezek.

Saioetan hiru alderdi lantzen dira. Lehenik eta behin, jazarpenari buruz hitz egiten da, adingabe bat biktima duen egoerak bistaratuz. Ondoren, irudiek jazarpenaren inguruko guztia jorratzen dute: parte-hartzaileak eta haien ingurunea, desoreka eta boterea eta babesgabetasuna. Eta, azkenik, haurrei aurrerapauso bat ematera animatzen zaie, jarrera pasiboan jarraitzen dutenak aktibo bihur daitezen jazarpenaren aurrean.

GELAN LANEAN JARRAITZEKO BIZKAR-ZORROA
«Aurki, motxila bat emango diegu parte hartzen duten ikasgelei, egoki iritziz gero, ikasgeletan bullyingaren prebentzioa lantzen jarrai dezaten, saioetan egiten den formatu berean. Motxila horiek Salatari ez, laguna bai leloa eramango dute (gaztelaniaz, chivato no, amigo sí)», Rodríguezek iragarri duenez.Eskola jazarpena prebenitzeko jarduera hori eta egiten diren beste esku-hartze batzuk alde batera utzita, Enpleguaren, Gizarte Kohesioaren eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloko Haurrak, Gazteria eta Familia atalak lanean jarraituko du babesgabetasunaren, tratu txarren eta haurren jazarpenaren esparruan, ikastetxeekin lankidetzan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloaren barruan.

Alde horretatik, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko Legeak ezartzen du ikastetxeek gizarte-zerbitzuei eman behar dietela «tratu txarrak edo haurren babesgabetasuna edo arriskua ekar dezaketen gertaeren berri», baita Fiskaltzari edo agintaritza eskudunari ere.