Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordearen, Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariaren eta Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariaren laguntzaz, gaur goizean banatu dizkie Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Merezimenduaren bereizgarri berdedun domina eta 10 plaka-diploma iaz herritarren alde egin zituzten ekintza solidarioengatik nabarmendu ziren pertsona eta organismoei. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egoitzan egin den ekitaldi horretan bertan iaz zerbitzuan 10 urte bete zituzten babes zibilaren arloko boluntario-taldeek egindako lana ere aitortu dute.
Ohorezko-aitorpen hauen helburua da urtero nabarmentzea Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistema osatzen duten taldeen lana, bai eta larrialdi-egoeren ondorioak minimizatzen eta arintzen lagundu duten prebentzio-lanetan indibidualki nahiz kolektibo moduan nabarmendu diren organizazioak edo pertsonak ere.
Bereizgarri berdedun domina bat
Bereizgarri berdedun domina, besteak beste, larrialdi egoera batean pertsonak eta ondasunak babesten eta zaintzen edo larrialdiaren ondorioak murrizten laguntzeko erabakigarriak diren eta herritarrek egin dituzten, eta Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren helburuei laguntzen dieten, merezimenduzko ekintza, jarduketa edo egitateak saritzeko da.
Aurten domina hori Ertzaintzako agente bati eman diote, 2022ko abuztuaren 20an, zerbitzuz kanpo eta Kataluniako kostaldean oporretan zegoenean, bikotekideari eraso egin zion gizon bat menderatu zuelako. Egitateak goizaldean gertatu ziren Calella de Palafrugelleko (Girona) karabana-aparkaleku batean. Ertzainak erasotzailea menderatu eta atxiki zuen Esquadra Mossoak iritsi bitartean.
Domina banatzeko ekitaldian Concepción Fernández Carrasco Esquadra Mossoa, erasotzailea atxilotu zuen agenteetako bat, eta Josep Castro Rodríguez Caporala ere izan dira.
Ekitaldian Euskadiko indarkeria matxistaren zifrak eman dituen bideo didaktiko bat ere proiektatu dute. Une hauetan 5.200 emakumek baino gehiagok dute Ertzaintzaren babesa salaketa jarri ondoren eta poliziak biktimaren egoeraren berri izan ondoren. Horietatik 3.400 inguruk babeserako agindu judiziala dute. Biktima bakoitzaren arriskua aztertzen duten polizia-protokoloetan oinarrituta, arrisku hori lau mailatan banatzen dira: oinarrizkoa (3.770 emakume), moderatua (1.155), handia (205) eta berezia (71). Ertzaintzak hainbat eratako babes-neurriak ditu: bizkartzain-zerbitzu iraunkorra edo puntuala kasurik larrienetarako, kontrazaintza-zerbitzua, emakumeentzako baliabide elektronikoak (Bortxa) edo epaitegiek tratu txar emaileei jartzen dizkieten lokalizazio-eskumuturrekoak.
Gainera, bideoan 112-SOS-Deiak aplikazioaren funtzionalitate berriak azaltzen dira, “Sexu-erasoa” eta “Genero-indarkeria” izeneko zuzeneko bi esteka baititu. Bi aukeretako edozein sakatuz, aplikazioak zuzenean bidaltzen du Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentrora laguntza eskatu duen emakumearen seinale geolokalizatu bat. Deia zuzenean sartzen da horrela katalogatuta, eta horrek asko errazten eta sinplifikatzen du 112ra laguntza eskatzen duen emakumearen tratamendua, bilaketa-lana eta erreskatea. Aplikazioa dohainik da eta Android eta iOS sistemetan jaits daiteke euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta, gainera, txat-sistema ere badu entzumen- edo mintzamen-desgaitasuna duten pertsonentzat.
10 plaka-diploma
Eusko Jaurlaritzak, banatu dituen 10 plaka-diplomekin, hiru foru-aldundietako eta Euskadiko hiru hiriburuetako suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuek eta mendi-zerbitzuek joan den udan Euskadiko Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan egindako lana aitortu du:
-
- Bizkaiko Foru Aldundiaren Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuko suhiltzaileak.
-
- Bizkaiko Lurralde Historikoko Baso Zerbitzua.
-
- Bizkaiko Lurralde Historikoko Basalan Sozietate Publikoa.
-
- Gipuzkoako Foru Aldundiaren Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuko suhiltzaileak.
-
- Gipuzkoako Lurralde Historikoko Baso Zerbitzua.
-
- Arabako Foru Aldundiaren Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuko suhiltzaileak.
-
- Arabako Lurralde Historikoko Baso Zerbitzua.
-
- Bilboko Udalaren Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuko suhiltzaileak.
-
- Donostiako Udalaren Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuko suhiltzaileak.
-
- Gasteizko Udalaren Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuko suhiltzaileak.
13 diploma
Azkenik, iaz zerbitzuan, modu altruistan, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren esparruan herritarrak zaintzen eta babesten 10 urte bete zituzten babes zibilaren arloko boluntario-taldeek egindako lana ere aitortu dute.
112ren Europako Eguna
Dominak 112ren Europako Egunean banatzen dira beti, eta egun horretan larrialdiei aurre egiteko 112-SOS DEIAK zerbitzuaren balantzea ere eskaintzen du Jaurlaritzak:
-
- SOS Deiak – Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak, 112 telefono-zenbakiaren bidez, 575 dei hartu zituen eta 241.142 gertaera kudeatu zituen 2022an.
-
- Kudeatutako gertaera gehienak larrialdi medikoekin (% 23,83), kalean hautemandako arriskuekin (% 16,12), herritarren segurtasunarekin (% 15,93), pertsonen istripuekin (% 14,33) eta trafiko-istripuekin (% 8,40) lotuta zeuden.
-
- Erantzundako deiei dagokienez, Bizkaian 517 dei izan ziren, Gipuzkoan 230.711 eta Araban 118.347.
-
- Bestalde, SOS Deiak zerbitzuaren APPak, denbora berean, 430 deskarga erregistratu zituen eta 752 gertaera kudeatu ziren; eta eCall sistemak, berriz, larrialdietako 1.313 dei sortu zituen eta horietatik 208 gertaera errealei zegozkien.