URA-Uraren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzako Sprilur-Lurzoruaren Kudeaketako Sozietateak sinatu duten ekintza-protokoloa mugarri esanguratsua da, berau baita bi erakunde publikoen arteko lehen lankidetza-hitzarmena, EAErentzat estrategikoak eta interes orokorrekoak diren balizko konpromiso eta proiektuak betetzeko.
Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko bi erakundeek konpromisoa hartu dute lankidetza-, kontzertazio-, elkarlan- eta erabakitze-mekanismoen bidez identifikatzeko interes orokorreko ekintza eta proiektuak edo bi eragileen esku-hartzea eskatzen duten arlo edo ekintza zehatzak. Gainera, proiektuaren intzidentzia funtzional eta administratiboa aztertuko dute jakiteko bideragarria den teknikoki edo ekonomikoki, eta elkarrekin jorratuko dute interes publikoarentzat eraginkorrena den garapen modua.
Horiexek dira URA-Uraren Euskal Agentziak eta Sprilur-ek praktikan jarri nahi dituzten puntu garrantzitsuenak. Beren helburua da mekanismoak bideratzea, modu koordinatuan gauzatu ahal izateko euskal enpresen sustapena eta lehiakortasuna bultzatuko duten eta EAEko jabari publikoa eta obra hidraulikoak zainduko dituzten proiektu eta jarduerak.
Eredu publiko kolaboratzaile bat, sustapen eta garapen jasangarria bultzatzeko
Gaur egun, Sprilur-en jardueraren zati handi bat da enpresa-guneak eta erabiltzen ez diren espazioak birgaitu eta leheneratzea. Gainera, lurzoru horietako askok eraldatze-ahalmen handia dute, bai ingurumenaren ikuspegitik, eta baita ere enpresa ikuspegitik. Sprilur-eko zuzendari Txaber Ourok dioenez, “akordio hau aurrerapauso handia da, azkartu egingo dituelako egin nahi ditugun proiektuen kudeaketa administratiboko eta garapeneko epeak”.
URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari Antonio Aizen arabera, “hitzartu dugun lankidetza oinarrizkoa da lurraldean –non lurzoruaren erabilpen desberdinak biltzen diren- eragina duten politika publikoak garatzen ditugun administrazioen arteko ezinbesteko koordinazioa bermatzeko”.
Bi erakundeek elkar osatuz eta elkarlanean lan egiten dute interes estrategiko eta publikoko helburuak betetzera bideratutako interesak harmonizatzeko eta lege-ereduak bateratzeko. Sprilur-ek eta URAk euren eskumen eta gaitasun profesionalak baliatuko dituzte aurreikusitako ekintza edo proiektuak identifikatu, diseinatu, lehenetsi, gauzatu eta finantzatzeko euren bideragarritasunaren arabera.
Ekintza-protokolo honek lau urteko iraupena izango du hasieran, baina beraizik eratutako organo batek luzatu eta berrikusi ahal izango du epe hori. Bere zeregina izango da akordioak finkatzea, koordinatzea eta euren jarraipena egitea, eta baita ere garatzen diren ekintzen bilakaera zaintzea.
Ekimen hau Euskal Sektore Publikoak eta, zehazkiago, Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak definitutako metodologiaren barruan kokatzen da, zeinaren helburua baita euskal gizartearen onurarako diren plan, programa eta ekintza esanguratsuak betetzea, administrazio arteko antolakuntza eta koordinazioaren bidez eta zerbitzu publikoko ikuspegi batetik abiatuta.