Gobernu Kontseiluak 2023. urterako ordainsari igoera onartu du gaur Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren langileentzat. Horrela, %2,5eko igoera orokorra baimendu du, aurtengo urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 2022an indarrean izan diren urteko ordainsari osoen aldean. Administrazio Orokorraren, erakunde autonomoen, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen, sozietate publikoen, fundazio publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoen zerbitzura diharduten funtzionarioi eta lan-kontratuko langileei eragiten die neurri honek. Baita Lehendakariarentzat, sailburuentzat, goi-karguentzat eta antzekoentzat, behin-behineko langileentzat eta zuzendaritzako langileentzat ere.
Igoera aipatutako talde bakoitzarentzat indarrean dauden ordainsari kontzeptu guztiei aplikatzen zaie. Aurreikusitako zenbatekoa 103.627.047 eurokoa.