Graphenea enpresak errendimendu handiko grafenoa ekoitziko du Azkoitiko Oinartxo Industrialdeko 4 lokaletan

Grapheneak bere guztizko ekoizpenaren  % 98 esportatzen du, eta berak ekoizten du mundu mailan fabrikatzen den grafeno guztiaren % 40, batez ere, industrialen merkaturako

Liderrak grafenoa bezalako nanomaterialezko konponbideetan, sektore industrialera zuzendutako produktu berrien aldeko apustua egin dute.

 

Prestazio handiko produktu berri horien bidez, sektore industrialak posible izango du kostuak eta isuriak murriztea eta errendimendua eta eraginkortasuna hobetzea.

 

 Urolako Industrialdea, S.A.k (SPRI Taldean integratua, eta Sprilur S.A.k, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urola Goi eta Behea eskualdeetako udalek partaidetua) kudeatutako Azkoitiko Oinartxo Industrialdeak laster hartuko du bere instalazioetan Euskadin azken hamarkadetan sortutako enpresa teknologiko berritzaileenetako bat. Grapheneak, grafenoaren ekoizpenean espezializatutako enpresak, erronka berriak ditu eta horietako bat da nanomaterialekin fabrikatutako produktu eta konponbide berriak sortzea, batez ere, sektore industrialerako. Hala, enpresa gipuzkoarrak 2.260 metro koadro dituzten lau lokal (bi altueratakoak) okupatuko ditu datozen hilabeteetan Azkoitiko Oinartxo industrialdean. Beheko solairuan 1.473 metro koadroko hiru lokal atonduko dituzte, eta lehen solairuan 787 metroko beste bat.

Grafenoa material aski berritzailea izaki, Grapheneak arlo horretan garatzen duen ekoizpen- eta ikerketa-jarduera garrantzitsuak dagoeneko piztu du material hori industrian erabili eta aplikatzeko interesa. Grafenoak baditu propietate oso berezi batzuk, adibidez, erresistentzia (altzairua baino 200 bider erresistenteagoa), masa eta dentsitatea (paper-orri bat baino milioi bat aldiz finagoa) eta malgutasuna. Gainera, kontuan izan behar da energia eroale bikaina dela, hortaz, ezinbesteko baliabide bilakatu da korporazio ezagunentzat, unibertsitateentzat eta nazioarteko konpainia handientzat.

Grapheneak Kivoro izeneko spinoff berri bat abiarazi du, balio erantsi handiko gehigarrien produkzioan espezializatua. Konpainia teknologikoak adierazi duenez, “horrek aukera emango digu erronka industrialetan espezializatutako produktu kimikoak garatzeko, helburutzat izanik eraginkortasun handiagoa lortzea eta isuriak murriztea. Karbonoan neutroak diren produktuak dira”.

Jesús de la Fuente, CEOak dioenez, “guretzat sekulako aurrerapena da gaitasun eta instalazio handigoak izatea. Lantegi berri honi esker posible izango dugu produkzio arloko teknologia berriak darabiltzaten makinak instalatzea eta gehigarri industrialak dituzten produktu berriak garatzea, energia aurrezteko eta CO2 isuriak murrizteko. Eta hori guztia onuragarria da gure bezeroentzat”.

Lantegi berriak produkzioko gune bat izango du, beste bat logistikakoa, beste bat biltegi izango dena eta beste bat zerbitzuetakoa, eta instalazio berriek aukera emango diote enpresari egungo produkzio-gaitasuna (tona metriko batekoa) hogei bider handitzeko. Era berean, hainbat espazio atonduko dira bulegotarako, kalitatearen kontrolerako, ikerketarako eta hondakinen ingurumen-kudeaketarako. Helburu-ziklo berri batean murgildurik, Grapheneak uste du datozen urteetan 29 lanposturainoko plantilla izan dezakeela Azkoitiko lantegian. Lantegi berri horrek aukera emango du enpresa-jarduera sendotu eta akuilatzeko herrian, eta ekimen berriak sortu eta erakartzeko Urola eskualdera.

Urolako Industrialdea, azpiegituren sustapenerako eskualde sozietatea  

Urolako Industrialdea, S.A.k bi industrialde kudeatzen ditu Urola Erdia eskualdean. Zehazki, Oinartxo Industrialdeak 61.643 metro koadroko azalera eraikia du, eta 25 nabe industrial ditu libre 367 m2 eta 5.000 m2 bitarteko azalerak behar dituzten jarduerentzat. Baditu baita ere 49 m2 eta 1.100 m2 bitarteko bulegoak. Azkoitiko Oinartxo industrialdeak enpresa-gune berritzaile baten abantaila guztiak eskaintzen ditu, jasangarria da ingurumen aldetik eta gai da industri zein zerbitzu arloko edozein enpresaren premiei egokitzeko.

Enpresek erraztasunak izango dituzte euren jarduerak instalatzeko, modalitate malguak eskaintzen baitzaizkie industrialdean sartzeko eta finantzaketa jasotzeko.