Gaur goizean Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu kargua hartu ondoren, Nerea Melgosa Vega hedabideen aurrean agertu da bere agintaldian ezarri dituen helburuen berri emateko. “Argi daukat zein den nire erronka eta erantzukizuna. Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak, hau da, memoria, biktimak, genero-politikak, aniztasuna, migrazioa, Justiziaren modernizazioa, gizarte- eta espetxe-neurriak… azken batean, pertsonekin zerikusia duten politikak. Ardura osoz, harrotasunez, errespetu handiz eta apaltasunez hartzen dut pertsonengan eta pertsonentzat pentsatzen duen sail hau zuzentzeko lana”, adierazi du.
Legegintzaldia amaitzeko urte eta erdi falta denean, Melgosak esan du zeregina geratzen dela aurretik, “nahiz eta Sailean lan egiten duten pertsonek hutsetik ez hastea ahalbidetuko duten, Legegintzaldi honetan ibilbide luzea egin baita”. Hala, aurretik dauden erronketako batzuk aipatu ditu: legegintza-egutegia, Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa eta Itun Dekretua bultzatzea gizarte-erakundeekin, erronka demografikoa edo berdintasunaren esparrua.
Nerea Melgosak esan du feminista dela, eta aitortu du harro dagoela Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburua dela esateaz. “Berdintasunerako Lege berriaren ezarpenak kezkatzen gaitu eta hurrengo hilabeteetan landuko dugu. Emakunde eta berdintasun-politikak belaunaldi berriei hurbiltzea funtsezko erronka da datozen urteetarako. Emakume biktimentzako arreta integratua eta integrala hobetzea da gure funtsezko helburuetako bat…”, azaldu du.
“Elkarbizitzarako eta topaketarako etorkizuna nahi dugu, pertsona guztien eskubideak erdigunean kokatuta. Guztienak, salbuespenik gabe. Berdintasunetik, Justiziatik eta Gizarte Politiketatik, beraz, lanean jarraituko dugu gizarte justuago, bidezkoago eta solidarioago bat lortzeko, guztiok bakean eta duintasunez bizi ahal izateko”, amaitu du.