2019an erradio ebakuntza-gela berritu ondoren —tasa baxu eta altuko brakiterapiako ekipo batez eta azken belaunaldiko azeleragailu lineal batez hornitua— Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Erradioterapia Zerbitzuak beste bi ekipo berritu ditu aurten. Urtarrilaren amaieratik Bizkaiko ospitale honek TAC (Ordenagailu bidezko Tomografia Axiala) berri bat du, simulatzaile espezifiko batekin eta azeleragailu lineal berri batekin. Biak dira puntako aurrerapenekin hornitutako ekipoak eta tratamendu zehatzagoak eta pertsonalizatuagoak ahalbidetuko dituzte.
Aldaketa horiekin, Bilbo-Basurtu ESIko Onkologia Erradioterapikoko zerbitzuak, gaur egun, teknologia altuko 3 azeleragailu lineal, erradioterapiako TAC espezifiko bat eta prestazio handiko erradiogela bat ditu.
TAC berriak, erradioterapiarako espezifikoak, 3D teknika, 4D teknika eta SGRT sistema ditu, eta bolumenak automatikoki inguratzeko aukera ematen du, adimen artifizialean oinarrituta. Ekipoak, bestetik, Gating sistema du, mantendutako arnasketan tratamenduak egiteko aukera ematen duena.
Bestalde, azeleragailu lineal berria teknika berriez dago hornitua, besteak beste SGRT teknika eta Hyper Arc teknika, garuneko metastasiaren tratamendua modu lokalean egiteko aukera ematen duena.
Gainazal bidezko Erradioterapia Gidatuak (SGRT), bi ekipo berri horiek duten teknikak, pazientearen azaleko irudi bat ematen du 3 Dtan, irradiazio gehigarririk gabe, hau da, pazientea posizionatzeko erabiltzen da. Gainera, tratamenduak irauten duen bitartean, pazientearen kanpo-gainazalaren mugimendua monitorizatzea ahalbidetzen du, baita arnasketa ere. Azken batean, SGRTak tratamenduen segurtasuna areagotzen du, sistema independente batetik datorren informazioa gehitzean akatsak prebenitzen laguntzen du eta aukera ematen du tatuajerik egin gabe (tratatu beharreko eremua definitzeko pazienteari egiten zitzaizkion marka txikiak) tratamenduak egiteko, maskara irekiekin eta batzuetan maskararik gabe. Ondorio gisa, SGRTak ez du esan nahi tratamendu-denbora luzatuko denik, eta ez du erradioterapia-prozesua zailduko, ia ez da inbaditzailea, eta ez du erradiazio ionizatzailerik edo pazientearentzako elementu kaltegarririk erabiliko. Beraz, tratamenduaren segurtasuna areagotzen da horrela.
Teknologia hori aldatuta, Bilbo-Basurtu ESIko Erradioterapiako Onkologia zerbitzua, bertan buru den Fco. Javier Fuertesen hitzetan, “munduko erradioterapiaren abangoardian dago eta bi ekipo berri horiek egin daitezkeen tratamenduen kalitatean jauzi kualitatibo bat ekarri eta kalitate-bermea eskaintzen dute, eremu horretan eskuragarri dauden bitarteko onenak baitira”.
2022an zerbitzu horrek ez du inolako atzerapenik izan, eta 1.950 paziente berri artatu zituen, hau da, aurreko urtean baino % 10 gehiago. Eta, otsailetik aurrera, Osakidetzako osasun-erakundeek sarean egiten duten lanaren erakusgarri, ESI honek Arabako pazienteen deribazioan lagunduko du, erakunde horrek azeleragailuetako bat ordezten duen bitartean.
TACen eta azeleragailuaren berrikuntza irudi bidezko diagnostikorako eta tratamendurako ekipoak berritzeko eta eguneratzeko etengabeko prozesu baten barruan kokatzen da, Osakidetza 2019an egiten hasi zen Plan Onkologikoan aurreikusia. Inbertsioa, INVEAT Planak finantzatua, 4,5 milioi eurokoa izan da (3,5 milioi azeleragailua eta milioi 1 TACa). Inbertsioa oso handia dela dirudien arren, kontuan izan behar da ekipo horien batez besteko bizitza 10 eta 12 urte bitartekoa dela, eta urtean 600-700 pazienteri emango dietela tratamenduak egiteko aukera.
Azken datuen arabera, minbizia duten pazienteen % 70ek erradioterapia jasoko dute beren gaixotasunean zehar; erradioterapia bidezko tratamenduak sendaketen % 40an laguntzen du, eta tratamendu-modu bakar gisa % 25-30 artekoa da sendaketa-indizea. Etengabe garatzen eta berritzen ari den espezialitate hau eremu berrietan ari da lanean, besteak beste Erradioterapia egokitzailean, SBRT bertebralean eta Flash teknikan.
Bestetik, datuen arabera Erradioterapia konbentzionalak Erradioterapia zerbitzuen jardueraren % 90-95 hartuko du etorkizun hurbilean.